NAIZ.INFO
ARRASATE

Urkulluk astelehenean deituko die eragile politiko eta erakundeei

Iñigo Urkullu lehendakaria astelehenean jarriko da harremanetan eragile politiko eta erakundeetako ordezkariekin, «lan mahaiak osatu eta pertsonen beharrei lehenbailehen erantzuteko».

Iñigo Urkullu Arrasateko Aita Menni ospitalean izan da gaur. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Urkullu Arrasateko Aita Menni ospitalean izan da gaur. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Iñigo Urkulluk atzo iragarri zuen alderdi politiko eta erakundeetako buruekin harremanetan jarriko dela egonkortasun akordio bat lortzeko, eta gaur zehaztu du astelehenean bertan hasiko dituela kontaktuak, «ahalik eta lasterren lan mahaiak osatu eta pertsonen beharrei erantzuteko».

Arrasateko Aita Menni ospitala bisitatu du lehendakariak Jon Darpon Osasun sailburuarekin batera eta han egin du adierazpen horiek.

Esan duenez, «Eusko Jaurlaritzan kontziente gara denok elkartuta hobeto erantzungo diegula egungo beharrei. Konfrontazioa atzean utzi eta adostasunari heldu behar diogu», nabarmendu du, diputazio eta udalei deia eginez.

Urkulluk ekonomia suspertzeko sei neurri aurreikusten dituen egitasmoa aurkeztu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean, akordiorako oinarri gisa.