NAIZ.INFO
DONOSTIA

Tolosaldeko lau herrik atez ateko hondakin bilketari ekingo diote ekainaren 17an

Datorren ekainaren 17an Tolosaldeko lau herrik ekingo diote hondakina gaika biltzeari: Irura, Anoeta, Alegia eta Zizurkil. Eskualdeko herriek egun daukaten %30eko birziklatze tasa 50 puntutan igotzea dute helburu.

Tolosaldeko Mankomunitateak berri eman duenez, datorren ekainaren 17an jarriko dute atez ateko hondakin bilketa sistema Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilen.

Amaia Azkue Mankomunitateko bozeramaleak jakinarazi duenez, egun eskualdeko herrietan dagoen %30eko birziklatze tasa, lau herriotan 50 puntutan igoko da.

Anoeta, Zizurkil eta Iruram, asteburu honetan ekingo diote gaikako hondakin bilketarako materiala banatzen eta Alegian, aldiz, edukiontzien %90 banatu dute jada.

Gaikako hondakin sistema abian jartzearekin batera, parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan, atez atekoaren emaitzak aztertzeko helburuarekin. Era berean, herritarren asebetetze maila edota egin daitezkeen moldaketak aintzat hartuko dituzte.

Sei hilabetetan jakinaraziko dute parte hartze prozesu honen emaitza.