NAIZ.INFO
GASTEIZ

Ertzaintzaren jarrera adierazpen askatasunaren aurkakoa izan zela esan du Arbelaitzek

Lander Arbelaitz ‘Argia’ko kazetariak agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean, apirilaren 19an Donostiako Aske Gunean Ertzaintzak izan zuen jarreraren lekukotasuna emateko. Prentsa askatasunaren aurkako erasoa izan zela nabarmendu du.

EH Bilduk eskatuta, agerraldia gin du Lander Arbelaitz ‘Argia’ko kazetariak Gasteizko Legebiltzarrean, apirilaren 19an Donostiako Aske Gunean gertatu zenaren lekukotasuna emateko eta Ertzaintzak berekin izan zuen jarrera azaltzeko. Hasieratik kazetari gisa identifikatu zela argi utzi nahi izan du. Agerraldiaren hasieran, ertzainek nola kolpatu zuten ikusten den bideoa ikusi ahal izan dute legebiltzarkideek.

Polizia iritsi eta herri harresia nola antolatu zen grabatu ondoren, eta ertzainak gazteak kanporatzen hasi zirenean, «lehen lerrora» gerturatu zela kontatu du. Han ertzain batek toki jakin batetik ez pasatzeko esan zion, eta hantxe geratu zen kazetari txartela eskutan zuela, «badaezpada».

Han grabaketa lanetan ari zela ertzain batek zuzenean seinalatu eta beregana joan zela azaldu du. «Pausu batzuk eman nituen atzera eta konturatu nintzenerako gainean nuen. Lehenik esku kolpea eman zion nire mugikorrari eta airean bota zidan. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan zen hau, kazetari txartela agerian nuela ni erditik kentzera etorri baitziren», salatu du.

Sakeleko mugikorra hartzera zihoala, lurrera bota eta lau ertzainen artean han eutsi zutela kontatu du. Bere «indar guztiarekin erresistitu» zela onartu du, ez baitzuen onartzen gertatzen ari zena.

Polizietako batek «gorrotoz beterik eta hain modu gratuitoan» ezagutzen ez duen pertsona bati «que se muera» zergatik esan zion oraindik ez du ulertzen Arbelaitzek, eta kazetaria zela jakinda ere «astintzen» jarraitu zutela salatu du.

Aske Gunearen hustuketaren azken 20 minutuak herri harresitik bertatik grabatu ahal izan zituen ‘Argia’ko kazetariak eta, esan duenez, Ertzaintzaren jarrera «ez zen eredugarria izan».

«Ertzaintzak ez du inongo herritarrik horrela tratatzeko eskubiderik. Ez kazetaria izan, ez manifestaria», amaitu du.