NAIZ.INFO
DONOSTIA

Inbiomed Fundazioan hamabi kaleratze burutu direla salatu dute ELA eta LABek

Inbiomed Fundazioan ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuek fundazioko patronatuak langileen akordiorik gabe erabaki zuen EEEren ondorioz planteatutako hamabi kaleratzeak aste honetan burutu direla salatu dute.

Hamabi kaleratze salatu dituzte Inbiomed Fundazioan ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuek.

Kaleratzeak patronatuak langileekin akordiorik erdietsi gabe erabaki zuen EEEren ondorioak direla kritikatu dute eta honek langileen ia herena kaleratu izana suposatzen duela gaineratu dute.

Kaleratzeez gain, soldata jaitsierak izango direla aurreratu dietela azaldu dute. «Dirua irabaztea helburu duten beste edozein enpresek aplikatzen dituzten neurri berberak eraman dituzte aurrera: kaleratzeak eta soldaten jaitsierak», salatu dute prentsa oharrean.

Era berean, «gipuzkoar guztiekin duen ardura bete dezala» exijitu diote Kutxari, bera baita fundazioaren sortzailea eta finantzaketa gehien ematen duena.