NAIZ.INFO
BILBO

«Osasun sistemaren suntsipena geratzeko» hamabost neurri aurkeztu ditu LABek

Euskal osasun ereduari buruzko alternatiba aurkeztu du LABek, beronen «suntsipena» geratu asmoz. Hamabost neurrik osatzen dute alternatiba.

Osasun sistemarentzat alternatiba proposatuz LABek eman duen prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)
Osasun sistemarentzat alternatiba proposatuz LABek eman duen prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak prentsaurrean aditzera eman duenaren arabera, «zuzena, doakoa, euskalduna eta unibertsala» izango den euskal osasun sistemaren aldeko apustua egin du sindikatuak.

«Zerbitzu publikoen suntsiketa eta murrizketak jasaten ari garen honetan», ezinbestekotzat jo du Etxaidek osasun gaiari lotutako politika eraginkorrak garatzea. Hori garatzera dator sindikatuak aurkeztu duen alternatiba, hamabost neurriz osatua dagoena.

Garrantzi berezia eman dio Etxaidek osasun sistemarako sarbidea «unibertsala» izateari, maila soziala, diru sarrerak, adina, generoa... kontuan hartu gabe. Horregatik, osasun sistema publiko baten aldeko apustuan berretsi da.

Gaiari dagozkion erabakiak maila lokalean hartu behar direla azpimarratu du eta horretarako herritan parte hartzea oso garrantzitsua dela adierazi du.

Gainera, proposamen hauek, osasungintzan ez ezik, beste alor batzuetara ere hedatu daitezkeela uste du Etxaidek.