Jonebati ZABALA
Bilbo

Uda garaian, zapia soinean eta ibili jaietan Euskal Herritik

Uztail eta abuztuko egutegiari begiratua emanda, jai zerrenda amaiezina izaten da. Sanferminetako txupinazoa jaurti bezain laster, gelditu ezinezko lasterketa bati ekiten diote parrandazaleek, Euskal Herriko txoko guztiak bisitatu arte.

Udako festa garaia abian da. (GARA)
Udako festa garaia abian da. (GARA)

Ondo pasatzeko garaia da uda. Eguzkia, beroa... Eta horretarako ba al da bi hilabete jairik jai pasatzea baino modu hoberik? Hasi da festa garaia eta parrandazaleek eskaintza aparta dute Euskal Herrian; izan ere, egunero dago nora joan eta zer ospatu. Baina ohiko jaiez gain, badira beste hainbat hitzordu interesgarri ere. Mapa bat eskuratu, festa horien guztien zerrenda egin, poltsikoa diruz bete, eta abentura hasteko prest dago parrandazalea. Euskal Herria txokoz txoko ezagutzeko.

Euskal Herrian ia Iruñeko sanferminak bezain ezagunak bilakatu dira Lesakakoak. Astebete inguruz, Nafarroako herria kanpin dendaz eta zapi gorriz betetzen da. Kanpin denda eta lo zakua hartu eta bertan ematen dituzte hainbat egun gaztetxo eta ez hain gaztetxoek. Zapi gorria kendu eta Bizkaira salto eginda, Zornotzako jaiekin egingo du topo parrandazaleak. Giro polita egoten da beti, eta inguruko herrietako jendea bertara hurreratzen da. Uztailaren 20an, «Mairuaren alardea» ospatzen dute Antzuolako plaza nagusian, herriko historian oinarritzen den ospakizuna. Egun bererako, kontzertuak antolatu dituzte gaztetxean: Egurra Ta Kitto, Ezinean eta DJ Jotatxo. Santa Ana eguna izaten da Aretako (Laudio) egun handia. Laudio eta Arrankudiagako alkateak Santa Anako zelaian elkartzen dira, duela mende bi baino gehiagotik ospatzen den tradizioari eusteko. Bertan, udalerri bien arteko muga ezartzen duen zedarria bisitatzen dute. Hitzordu sinbolikoa da, XVII. mendean herri bietako bizilagunek zituzten desadostasunak konponduta, ospatu egiten dute egun.

Saninazioak ere hitzordu garrantzitsua izaten dira Euskal Herriko hainbat herritan, Derion, Lemoan, Foruan, Hernanin... Azpeitian, bezperan txupina jaurti eta festa giroa egoten da herrian. Orain dela urte batzuetatik jai herrikoien aldeko kalejira egiten dute, arrosa kolore deigarriko kamiseta soinean dutela. San Inazio jaiak ospatzen dituzte Algortan ere. Egun bereziena paella eguna izaten da. Kuadrillak goizean goiz elkartzen dira Aixerrotan. Bakoitzak bere «txiringitoa» izaten du muntatuta, eta bertan pasatzen dute eguna, paella lehiaketan parte hartuz. Oso beroa izan ohi da egun hori; beraz, beharrezkoa da buruan txapela eramatea, eta ondo hidratatuta egotea, noski!

Ezin ahaztu, urteen poderioz udako ezinbesteko hitzordu bilakatu den Larrabetzuko Gazte Eguna. Ia hiru hamarkada daramate jai egun hau antolatzen Bizkaiko herritxoan. Giro polita sortzen da urtero, eta aldarrikapenez betea. Aurten, abuztuaren 3an izango da eta egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Egunean zehar eskalada, trikitilariak, bazkari herrikoia, olinpiadak eta kantaldia egongo dira; iluntzean berriz, kontzertuek inguruko herrietako gazteak erakarriko dituzte, urtero legez: Iheskide, Governors eta Itziarren Semeak. Hori Bai! gaztetxean DJ-ak egongo dira gau osoan zehar (Revolutionary Brothers, DJ Bull eta DJ Kabu).

Bitxikeria gisa, abarketen azoka antolatzen dute abuztuaren 15ean Maulen. Arrakasta handia izaten du, 3.000 eta 5.000 pertsona artean hurreratzen dira Zuberoako hiriburura. Ez da egunero horrelako ospakizun bat ikusten; izan ere, abarketa tradizionalak egiten dituzte jendaurrean. Gainera, kantaldi, dantzaldi eta pilota partiduak egoten dira ikusgai.

Herriko plazan, txosnetan edo tabernetan orduak eta orduak ematera ohituta, arraroa egiten da parrandazalea habitat horretatik ateratzea. Baina ondo pasatzeko beta ez da zertan leku horietara mugatu; agertoki kuriosoak aurki ditzakegu Euskal Herriko parajeetan. Zergatik ez aprobetxatu horiek ere ekitaldi politak sortzeko? Deia horri erantzunez, Crystal Fighters musika talde britainiar-euskaldunak kontzertua eskainiko du abuztuaren 29an Zugarramurdiko kobetan. Euren lan berriarentzat ezin agertoki aproposagoa da, «Cave Rave», taldeak argitaratutako disko berriko kantuak joko dituzte. Crystal Fighters taldeko partaideek harreman estua izan dute Nafarroarekin taldea sortu zutenetik. Izan ere, disko berria bertan egin zuten bi hilabeteko egonaldian. Era berean, euren lehen albumean («Star of Love») Nafarroako folk musika tradizionala eta Lantzeko inauteriak, indie musika dantzagarriarekin uztartzen dituzte. Zuzeneko emanaldietan, txalaparta eta txistua ere erabili izan ditu taldeak.

Bada hitzordu tradizionalagoa Bizkaiko kobazulo batean ere. Euskal Herriko beste hainbat herritako Madalena jaiak ezagunagoak diren arren, Galdamesen ere ospatzen dute uztailaren 22a. Zugaztietako bizilagunak Urallaga kobazulora igotzen dira kuadrillan. Izan ere, Galdameseko mendietan dagoen baseliza kobazulo barruan kokatuta dago. Meza eta landa gunean egon ondoren, plazara jaisten dira zaldi gainean, ospakizuna Trapagarango kaleetan jarraitzeko. Lau kilometroko ibilaldia egiten dute herritarrek, Zugaztietako erdigunetik (Trapagaran), Urallagako kobazuloan dagoen baselizaraino.

Euskal Herriaren historia gogoan izaten da jai gehienetan. Horren adibide da Orhipean. Otsagabian 1900. urteko bizimodua gogoratzen dute. Orain dela mende bateko jantziekin aterako dira herritarrak kalera, eta antzinako eguneroko bizibideak erakusten dituzte. Euskal arbasoek dantzatzen zuten moduan egingo dute dantza herriko plazan. Hainbat jarduera eta erakustaldi izaten dira: txerri hilketa, gazta eta ogi ekoizpena, kordelak, iruleak lanean, etxeko eta bordako bizimodua, garai hartako dentisten eta bizarginen lana, ehiza eta arrantza egiteko moduak... Erromeriarekin amaituko dute jaia.

Sanferminetako zapi gorria erantzi eta Lesakatik ez oso urrun sorginkeriaren astera hurreratu daiteke parrandazalea. Uztailaren 12tik 19ra, denboran atzera egiten du Bargotak. Bertan, Nafarroako lehen sorginek jasan zuten jazarpena irudikatzen dute; muga, sineskeria eta sorginkeria; mendia eta koba, mitologia eta sorginkeria artean. XVII. mendean giroturik, ez da harritzekoa Bargota izatea ospakizun horretarako aukeratu den egoitza, hango kondairetako pertsonaia ospetsuenetariko bat Johanes aztia baita. Oraindik ere, horren silueta ikusten da zeru izartsua zeharkatzen duelarik... Astebetez, herritarrek estandarteak, lasto fardelak eta antzinako altzariak jartzen dituzte herriko kaleetan, iragana gogorarazi nahian. Gainera, jarduera anitzek osatzen dute magiaz beteriko programa: Erdi Aroko azoka, Nafarroako artisautza produktuak salgai. Horrela, edabeen salmahai bat, haur sorgintzari buruzko beste bat, akelarre bat edo inkisizioaren txokoa dira bisitariak nahitaez bisitatu behar dituen gune batzuk. Horiekin batera, hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak egiten dira, sorgintzaren mundu misteriotsuari buruzko enigmak agerian uzteko.

Erromeriak tradizioa dira Euskal Herrian. Txoko guztietan aurki daiteke bat: Errenterian, esaterako, Baserritar Eguna ospatzen dute. Aiara udalerriko erromeriak jendetsuak izaten dira, Etxaurren eta San Vitoreskoa, irailaren lehen bi asteetan, udari agur esateko.