Xole Aramendi
ZARAUTZ
Elkarrizketa
Itziar Eizagirre
Talai Berri txakolindegiaren nagusia

«Upategiak itxiak dira, baina dagoeneko ez da gizonen mundua»

Eguzkitsu hartu gaitu Talai Berri mahastiak. Aurten hain urriak izan diren eguzki printzengatik elkarrekin borrokan ari dira mahats-loreak, zeinek berotasun handiagoa jasoko, zein gehiago goxatuko. Aurtengo eguraldi txarrak kezkatuta dauka Itziar Eizagirre. «Uzta oso berandu dator. Denetarik izan dugu: txingorra, hotza, euria.... Honez gero, loreak erorita egon behar zuen eta begira...», esan digu, ihartutako mahats-mordoa eskuan hartuta. Maiatzaren 17an Zarautzen bota zuen harriak sortutako kalteen adibidea da.

Itziar Eizagirre. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Itziar Eizagirre. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

«Beldur handia daukat, oraindik ez baitakigu norainoko kalteak eragin dituen eguraldi txarrak», gaineratu du.

Mahastia lasai dago. Landareei sulfatoa botatzen dien traktorea besterik ez da ikusten orri berdeen artean, aldapan gora-behera. Ez da bista makala txakolindegiko balkoitik ikusten dena. 

Itziar Eizagirre gaur ez da mahastira jaitsi. Bihar jaitsiko da. «Tarteren bat dudan bakoitzean jaisten naiz mahatsa nola doan ikustera. Eta astean behin mahasti osoari buelta ematen diot; egun osoa behar izaten dut», esan du.

Talai Berri txakolindegiaren nagusia da Itziar Eizagirre, Onditz ahizparekin batera. Hamabi hektarea dituzte guztira. Azken bi urteotan, bertako mahatsarekin egin dute urteko ekoizpen osoa, 80.000-100.000 botila. «Upategiak 100.000 litro egiteko gaitasuna du, beraz, %30 gehiago ekoizteko aukera dugu», esan du.

2010ean landatu zuten hektarea berria uzta ematen hasten denean gertatuko da hori. Urte berean, beste pauso bat eman zuten Talai Berri txakolindegiaren nagusiek. Ekoizpen ekologikotik hurbil dagoen ekoizpen integratua izeneko sistema jarri dute martxan. «Getariako Txakolinaren jatorrizko izenean geu bakarrik gara», dio.

Apustu garrantzitsua da. Itziar eta Onditz ahizpek garbi dute bidea hori dela. «Oso pauso garrantzitsua da. Gaur egun, botika aurrez zehaztuta dagoen egutegiaren arabera botatzen zaio mahatsari. Gure erabakia da landareak benetan behar duenean bakarrik egitea tratamendua. Sistema honi esker, tratamendua ez da kaltegarria ez mahastiarentzat, ez mahatsa hartuko duen pertsonarentzat», azaldu du. Hori bai, nahitaezkoa dute ekoizpen osoa etxeko mahatsarekin egitea. 

Aita harro dago bi alabek lekukoa hartu dutelako. «Aitari beti esan izan diote: ‘Bi alabek jarraitu behar al dute? Ze pena semerik ez izatea...’. Zenbat aldiz entzun ote duen gauza bera... Baina kontua da nire aita eta zortzi senide izan direla, sei emakume eta bi gizon. Berak, bizitza osoan, bere arrebak upategian lanean ikusi ditu. Beraz, ez zaio arraroa egiten», esan du Itziarrek.

Lanak ondo banatuta dituzte. Onditz zaharrena da eta berak marketin, salmenta kontuak eta bezeroekiko harremanak eramaten ditu. Enpresa ikasketak egin ditu. Itziar mahastiaz eta txakolinaren elaborazioaz arduratzen da. Ingeniaritza eta Enologia ikastaroak egin ditu.  

Itziar txikitatik etxeko baratze inguruan ibili izan da eta mahastiarekin lotura estua du. Aldiz, Onditzek ez. «Berak ere lana egin behar izan du, nola ez, baina mahastiak ez zuen erakartzen. Orain bai, orain gustatzen zaio. Onditzen asmoa ez zen txakolindegian aritzea, ordurako beste enpresa batean ari zen lanean, baina bulegoan norbait behar genuela ikusita, animatu egin zen», esan du.

«Ez nuke lana aldatuko»

26 urte zituen Itziarrek negozioaren ardura hartu zuenean. Remelluri enpresan eta Kataluniako kooperatiba batean praktikak egitetik zetorren. «Urtetik urtera politagoa da lana. Ez nuke aldatuko. Denborarekin gauzak kontrolpean ditugu eta lana atseginagoa da», adierazi du.

Eizagirretarren etxean txakolingintzan ari den bosgarren belaunaldikoak dira Onditz eta Itziar. Aurreko belaunaldiko emakumeak Zarautzen galtzak jazten lehenak izan ziren. «Barrika gainean ibili behar zutenez, buzoa soinean aritzen ziren gure izekoak. Txakolina erostera joaten zirenak harrituta geratzen omen ziren, baina gure etxean normala izan da. Gauza horietan aurretik joan gara gurean», adierazi du.

Itziarrek ez du gizonezkoen begirada arrotzik sentitu, bere izekoek bezala. Garbi dio: «Ez dut inoiz inolako oztoporik izan neska izateagatik». Baina hasieran bere gomendioak harriduraz hartzen zituzten. «Lehen, mahatsa erosi egiten genuen eta mahastizaleari tratamenduaz edo kimatzeaz zerbait esan eta harrituta begiratzen zidan. Batetik, emakumea naizelako, eta bestetik, ‘nire mahastiaz nork jakingo du nik baino hobeto’ pentsatzen zutelako. Egia da emakumeak kimatze lanetan oso berandu hasi direla. Ostoak kentzera bai, joaten ziren, baina kimatze unean hartu beharreko erabakiak gizonaren esku zeuden», esan du.

Emakumearen sarbideari dagokionez, botila erdi beteta ikusten du Itziarrek: «Dagoeneko ez dut uste gizonezkoen mundua denik. Enologia ikasketak egin nituenean, klasean neskak eta mutilak erdi eta erdi ginen. Gure aitak Madrilen ikasi zuen Enologia eta bere klasean emakume bakarra zegoen –nabarmendu du–. Getariako jatorrizko izeneko bileretan, garai batean, ni nintzen ia emakume bakarra, baina gero eta gehiago gara».

Hala ere, upategiak, oro har, itxiak direlakoan dago. Eta bereziki, txakolindegiak. «Familia negozioak direnez, oso zaila da kanpotik norbait ekartzea lanera. Baina behin kanpoko norbaiten bila jotzen denean, ez dut uste neska ala mutila izan axola duenik».

Etxean aita eta ama, biak ikusi ditu erabakiak hartzen. Baina onartzen du emakumaren lana ezkutuan egon dela. «Txakolindegiak senar-emazteen esku egon dira. Gizona mahastian eta emakumea bulegoan aritu izan da. Lana biek egiten dute, nahiz emakumea ezkutuan dagoen. Bere lana ez da agerikoa. Emakumea ere negozioaren jabea da, baina ez da ikusi. Mahastiko lana garrantzitsua da, baina bulegoak ez badu funtzionatzen, ez da produktua merkaturatuko, eta beraz, egindakoa alferrikakoa da!», adierazi du.

Upeltegia eta mahastia bi eremu desberdin dira. Lehenengoan ari da emakumea, baina bigarrenetik kanpo dago. «Upategiaren ardura emakume baten esku ikustea ez da arraroa. Inor ez da harritzen emakume enologoak ikusita, nahiz mahastiaren ardura dutenak, teknikariak, gizonezkoak diren gehienak».

Hogeitabat urte

Talai Berri txakolindegiak hogei urte bete zituen iaz. Txakolina ekoiztu eta saltzeko propio eraiki zen lehenengo txakolindegia da. Ordura arte, baratzea edo behiak... beste hainbat zeregin izaten zuten etxean, mahastiaz gain. Gaur egun, upategi denek jarraitu diote eredu horri. «1989an sortu zen Getariako Txakolinaren jatorrizko izena eta denek ikusten zuten bidea hura zela. Kasualitatez, gurea izan zen eraikitzen lehena, handik hiru urtera», gogoratu du.

Txakolingile kopuruak ez du askorik egin gora urte hauetan. Aldiz, ekoizpena nabarmen igo da. «Hiru milioi botila inguruan gabiltza. Bizkaia eta Gipuzkoa parean daude, Araba atzerago. Eta ekoizpena gehiago igoko da, aldatu diren mahastiak uzta ematen hasten direnean».

Hori guztia merkaturatzea da elkartean duten erronka. «Horrek hemendik derrigor atera beharra eskatzen du. Euskal Herrian ezin da gehiago kontsumitu. Etxetik atera behar dugu, nahiz orain arte ez dugun beharrik izan», azaldu du.

Barne merkatuak hartzen du ia ekoizpen osoa. «Ia dena Euskal Herrian kontsumitzen da, baina esportazioa gora doa. Gehiena AEBetara –han euskal herritar asko dago–, Europara, Japoniara eta Australiara doa», kontatu du.

Japoniarren bisitak ohikoak

Japoniarrak ohikoak dira eizagirretarren etxean bisitan. Ez bisitan bakarrik, baita lanean ere. «Duela 6-7 urtetik Shinohara Gakuji izeneko japoniarra etortzen da, espresuki mahatsa biltzera, urtero», kontatu du.

Txakolina txotxean edateko aukerarik ez dute eskaintzen azken urteotan. Bisita gidatuak antolatzen dituzte, upeltegiko instalakuntzak ikusi eta txakolin dastaketa egiteko. «Astebururo daukagu jendea», esan du.

Iaz, 20. urteurrena ospatzeko, Topa Kopa egitasmoa jarri zuten martxan. «Hileko bigarren igandean, herriko 25 tabernatan,  txakolin kopa eta pintxoa 2,50 euroren truke hartzeko aukera dago», dio. Izan ere, Talai Berrin koparen erabilera aldarrikatzen dute, ohikoa den edalontzia ahaztuta. «Sufritu egiten dut tabernariak txakolina edalontzira metro erdi batetik botatzen ikusten ditudanean. Kopan edan behar da, hamar bat zentimetroko altueratik botata», azaldu du.

Familiakoa izanik, negozioagatik ardura sentitzen du, «batez ere, krisi garaian. Txakolina egin bakarrik ez, ondoren saldu egin behar da eta, nire ahizpak dioen moduan, saldu bakarrik ez, gero kobratu egin behar da... Zentzu horretan, berak du presio handiagoa, zenbaki gehiago egin behar ditu-eta».

Ezagun du naturarekin gozatu egiten duela. Txoriak izaten ditu lagun lanean. «Txantxangorriak saltoka jarraitzen nau kimatzen ari naizenean. Nik pauso bat aurrera, hark beste bat... Beste behin, mahastian birigarro habia aurkitu nuen eta langileei sulfatorik ez botatzeko esan nien». Eguna pozten dioten ezusteko txikiak dira. 

Gogorrena, eguraldia

Mahastiak berak upategiak baino satisfakzio gehiago eman dio. «Zenbat eta lan gehiago egin mahastian, orduan eta gehiago eskertzen du mahatsak eta produktuan igarri egiten da. Mahatsa bizia denez, beti gauza berriak ikasten ari naiz. Enologia arloko ikerkuntzak argitara ematen dira eta denok ditugu eskura. Berdina da edonon. Aldiz, mahastia Errioxan izan edo hemen, kostaldean izan, aldea sekulakoa da. Han egindako probek hemen ez dute batere balio», kontatu du.

Bere lanaren gogorrena eguraldia da. «Beti zerura begira gaude. Galerna dela, trumoia, txingorra... eta ezin ezer egin». Baina mahatsa jasotzean, laster ahazten zaizkio buruko minak. 

Euskal herritar asko izango dira Zarauzko upategia zapaldu gabe mahastiak ezagutzen dituztenak, urteak dira-eta “Goenkale”n ateratzen dela. «Ezkontzak, hilketak... denetarik eduki dugu upategian», esan du irribarrez.