AINIZE BUTRON
BAIONA

Baionako Gazte Asanbladak akordioa lortu du Udalarekin gaztetxea sortzeko

Baionako Gazte Asanbladak akordioa lortu du Udalarekin, «epe laburrean» gaztetxe bat sortzeko. Gaur bilduko dira udal ordezkariekin xehetasunak ixteko.

Gazte Asanbladako kideen agerraldia Baionan. (Gaizka IROZ)
Gazte Asanbladako kideen agerraldia Baionan. (Gaizka IROZ)

Baionako Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, akordioa lortu dute Udalarekin «epe laburrean» gaztetxe bat sortzeko. Ez dute xehetasun gehiago eman, gaur goizean elkartuko baitira udal ordezkariekin.

Bileraren ondoren akordio batera iristen ez badira, hitzartutakoaren berri emango dutela esan dute, Kazeta.infok zabaldu duenez.

Gaztetxea sortzeko Herriko Etxearekin bideraturiko negoziazioek aterabiderik ematen ez zutela ikusirik, gazte asanbladak ekintzara pasatzea erabaki zuen joan den larunbatean, eta Baionako Justizia jauregiaren egoitza izandako eraikina, lau urte hutsik daramana, okupatu zuen. Era askotako animazioak proposatuz berrehun bat lagun elkartu zituen okupazioak iran zuen egun bakar horretan.

«Urte bat eta erdiz, hainbat bilera egin genituen Herriko Etxeko arduradunekin, eta ez digute ez erantzun ez proposamenik egin», gogoratu dute.



Gazte asanblada duela bost urte sortu zen Baionan proiektu zehatz batekin: «Hiriko bizitza soziala eta kulturala dinamizatu». Hainbat ekimen antolatzen aritu dira lekuko elkarte ezberdinekin harremanetan jarriz.