Naiz.info
Baiona

Lakuak 400.000 euroko diru laguntza eman du Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

Euskararen Erakunde Publikoak eta Lakuako Gobernuak euskararen alorrean diharduten eragileen sustapenerako fondoa aurkeztu dute Baionan. Orotara 1.600.000 euro banatuko dira; EEPk 1.200.000 euro eta Lakuak 400.000 euro jarriko dituzte.

Frantxua Maitiak eta Patxi Baztarrikak aurkeztu dute 2013ko fondoa Baionan. (Gaizka IROZ/ARGAZKI PRESS)
Frantxua Maitiak eta Patxi Baztarrikak aurkeztu dute 2013ko fondoa Baionan. (Gaizka IROZ/ARGAZKI PRESS)

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Lakuako Gobernuak 2013ko lankidetzarako fondoa aurkeztu dute Baionan, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzen duten eragileei zuzendutakoak. Orotara 1.600.000 euroko fondoa banatuko da aurten; EEPk 1.200.000 euro jarriko ditu eta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, 400.000 euro.

Hitzarmenez loturiko zortzi eragile nagusiek 1.250.000 euro eskuratuko dituzte. Horietatik lau haurren hezkuntzari lotuak dira: Seaska (380.000), Ikas Bi (30.000), Euskal Haziak (20.000) eta Biga Bai (15.000). Euskarazko haurren aisialdiaz arduratzen den Uda Lekuk 145.000 euro izanen ditu. Bertze hiruren artean, helduen euskalduntzeaz arduratzen den AEK (320.000), Bertsularien Lagunak (55.000) eta Euskal Irratiak (285.000) dira.

Bertze 350.000 euroak hainbat eragile pribatuei irekitako proiektu deialdien bitartez banatu dira. 83 proiektuen artean banatu da dirua, non 35 berriak diren.

Lakuako Gobernuak Ipar Euskal Herrian euskara sustatzen dutenen aldeko diru laguntzak berrezarri ditu, Patxi Lopezen Exekutiboak murrizketa aplikatu ostean.

Gipuzkoako Aldundiak ere 600.000 euroko diru-laguntza emango dio Kanboko Xalbador Kolegioari, ikastetxea berregituratzeko eta berritzeko lanetan laguntzeko. Erabaki horrek hainbat kritika piztu zituen alderdi politiko ezberdinengan. Gobernu espainolak EAEn duen delegatuak, Carlos Urquijok, helegitea aurkeztu zuen erabakiaren aurka.