NAIZ.INFO
BILBO

Larunbatean Baionan egingo den manifestaziora joateko deia egin du Herrira mugimenduak

Herrirak babesa adierazi dio heldu den larunbatean Baionan iheslarien atxiloketak eta euroaginduak salatzeko egingo den manifestazioari eta prozesua bultzatzeko ekimenetan herritarren parte hartzearen garrantzia nabarmendu du.

Herriraren agerraldia Bilbon. (@herrira_info)
Herriraren agerraldia Bilbon. (@herrira_info)

Herrirak agerraldia egin du Bilbon, larunbatean Baionan Bake Bideak deitu duen manifestazioari atxikimendua adierazteko. Iheslarien atxiloketak eta euroaginduak salatu eta bake prozesuaren aldeko mezua zabalduko da mobilizazio horretan.

Ibon Meñikak eta Ana Saez de Urabainek hartu dute hitza agerraldian eta haiekin batera iheslarien hainbat senide izan dira, horien artean Mari Galan –Jose Luis Eziolazaren ama–, Imanol Urtiaga –Jose Angel Urtiagaren semea–, Elorri Arkotxa –Jose Mari Arkotxaren alaba– eta Astrid Arkotxa –Jose Luis Arkotxaren arreba–

Herriraren ustez, Gobernu frantsesak euskal iheslarien inguruan hartu dituen erabakiak «ulertezinak» dira eta euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurka doaz.

Iheslari politikoek «duintasunez» bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute eta haien egoerari irtenbide positibo bat eskaintzea bakean urratsak egiteko «ezinbestekoa» izango dela nabarmendu dute.

Ildo horretan, Parisi Madrilek egiten duena ez egiteko eskatu diote eta larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, prozesua bultzatzeko ekimenetan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratuta.