NAIZ.INFO
GASTEIZ

Lakua eta Madrilgo Gobernuak irailean bilduko dira defizit mugaz negoziatzen jarraitzeko

Lakuako Ogasun eta Finantza Sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak aurreratu duenez, Madrilgo eta Lakuako Gobernuek bilera egingo dute iraileko aurreneko egunetan, EAEri dagokion defizit mugaren inguruko elkarrizketekin jarraitzeko.

Ohar baten bitartez Gatzagaetxebarriak azaldu duenez, Ogasun Ministerio espainiarrarekin orain arte izan dituzten elkarrizketetan ez da EAEren defizit eta zorpetze mugen inguruko akordiorik izan.

Kontzertu Ekonomikoak zehazten duen erregimen berezia dela-eta, bi instituzioek aldebiko negoziazioetan jarraitzen dute.

Gobernu espainolaren asmoa da EAEko defizita %1,2koa izatea eta Lakuako Gobernuak, aldiz, %1,3koa aldarrikatzen du.

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo azaldu zuenez, hamarren horrek 70 milioi euro gehiago izatea dakar, eta hori «oso garrantzitsua» dela adierazi zuen, EAEk pairatzen dituen «urritasunei» aurre egiteko.

Bi aldeentzako onuragarria izango den akordioa erdiesteko asmotan jarri dute iraileko hitzordua. Hala eta guztiz ere, Ogasun Ministerio espainolak esan du iragan asteazkenean esan zela zeintzuk ziren defizit mugak, eta EAEri %1,2koa dagokiola zehaztu.

Horrek, Gatzagaetxebarriak baieztatu duenez, ez du arriskuan jartzen ekonomia suspertzeko Lakuako Gobernua hiru diputazioekin negoziatzen ari den plana.

Nafarroari dagokionez, Yolanda Barcina presidenteak baieztatu du Gobernu espainolarekin hitz egiten jarraitzen dutela, eta negoziazioa bide onetik doala.