NAIZ.info
Gasteiz

Jaiak eztanda egin du Gasteizen

Jende andana bildu da Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizko jaiei ohiko hasiera emateko. Arabako Elikagaien Bankuko presidente Daniel Fernandezek izan du aurtengo txupinazoa botatzeko ardura eta Zeledon kanpandorretik jaitsi ondoren, eztanda egin du festa giroak.

Jendetza batu da Andre Maria Zuriaren plazan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Jendetza batu da Andre Maria Zuriaren plazan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Zeledon esnarazteko ezinbestekoa den txupinazoa Daniel Fernandez gasteiztarrak bota du, Arabako Elikagaien Bankuaren izenean, Andre Maria Zuriaren jaien hasieran. Beroa eta eguzkia lagun, plaza leporaino bete da Zeledonen jaitsierarekin batera festeei giro bikainean hasiera emateko.

Zeledon panpina kanpandorretik jaitsi ondoren; hezur-haragizko Zeledonek, Gorka Ortiz de Urbinak, hartu du lekukoa eta lau minututan plaza zeharkatzea lortu du blusadunek bidea irekita. Udaletxera iritsi denean Javier Maroto alkateari eta txupina bota duen Fernandezi zapi bana jarri eta mikrofonoa hartuta Zeledonen kanta abestu du hainbat aldiz plazan bildutako jendetzaren laguntzaz.

Ortiz de Urbinak udaletxean bildutako ordezkari politikoak agurtu ditu eta oso pozik agertu da komunikabideen aurrean festen hasierarekin.

Fracking-aren kontrako pankarta ugari eta euskal presoen eskubideak aldarrikatzen zituzten pankarta eta banderola ugari ikusi ahal izan dira Andre Maria Zuriaren plazan. Abuztuaren 9rarte luzatuko dira Gasteizko festak, txosnetan ostiraletan abiatu zituzten ekitaldiak.