NAIZ.INFO
Donostia

Zigor gogorra ezarri diote Jose Luis Kortari Pedreñakoagatik

11 estropadetako eta 800 euroko zigorra ezarri dio ACT-ko Diziplina epaileak Jose Luis Korta Kaikuko prestatzaileari. Pedreñako banderan bereak argazkilarien txaluparekin talka egin zuelako ezarri diote zigorra. Kaikuk gogor salatu du zigorra eta epailearen kargugabetzea eskatu du.

Korta pasa den larunbateko estropadan Zarautzen. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Korta pasa den larunbateko estropadan Zarautzen. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Jose Luis Kortak ezingo du ACT-k antolatutako hurrengo 11 estropadetan parte hartu eta 800 euro ordaindu beharko ditu. Kortari Pedreñako uztailaren 13ko estropadan izandako gertakariagatik ezarri diote zigorra; bere txalupak San Miguel Ligako argazkilarienarekin talka egin zuen, nahita egindakoa dela uste du ACT-ko Diziplina epaile bakarrak, Miguel Juanek.

Zigor horren arabera, ezingo du ACTk antolatutako estropadetako ekitaldietan parte hartu (ordezkarien bileretan, adibidez), ezingo du talde ordezkariei dagokien eremuetan egon eta ezingo du estropada eremuaren inguruan egon (ez itsasoan, ez errekan...) inolako txalupetan.

Kaikuk ohar bidez salatu du zigorra eta babesa agertu dio Kortari. Pedreñako estropadako epailearen eta Juane epaile bakarraren dimisioa eskatu ditu, babesgabezia salatu du Kaikuk eta bere taldearen desegonkortasuna bilatzen dutela salatu du. Denboraldi amaieran «ACT-n taldeak izan behar duen paperaz eta gure entrenatzaileaz» erabakiko dutela iragarri dute.

Kortak Kontxako banderan arazorik gabe parte hartu ahalko du, ACT-rekin loturarik ez baitu estropada honek.