Naiz.info
Donostia

LABek hiru erronka nagusi finkatu ditu ikasturte berrirako

Langabeziaren, prekarietatearen eta pobreziaren kontrako borroka, krisitik irteteko burujabetza prozesuan iniziatibak hartzea eta «benetako bake eskenatokia ekarriko duen prozesuan inplikazioa» izango dira sindikatuaren lan ildo nagusiak nagusiak ikasturte berrian.

Jabi Garnika, Ainhoa Etxaide eta Sonia Gonzalez.(Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Jabi Garnika, Ainhoa Etxaide eta Sonia Gonzalez.(Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak hiru erronka nagusi finkatu ditu hasi berri den ikasturte berrirako. Lan ildo nagusien nondik norakoak prentsaurrean agertu ditu Bilbon sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Langabeziaren, prekarietatearen eta pobreziaren aurkako borroka izango da ardatzetako bat, «lehentasunezkoa» gainera, sindikatuaren arabera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, lan erreformaren aurkako borroka eta politikak aldaraztea izango dira helburuetako batzuk.

Bigarren erronka, burujabetzaren prozesuan iniziatibak hartzea izango da krisitik atera ahal izateko. Horretarako, «Euskal Herriak bide propioa» egin behar duela azaldu du Etxaidek. «Estatu frantsesari lotuak eta espainiar Estatuaren porrotaren menpe ez dugu zer eginik. Irtenbide propioa eraiki behar dugu, geure kabuz eta geure ekimenez», esan du.

Azken erronkak euskal gatazkaren ildotik bake eskenatokia ekarriko duen prozesuaren inplikazioan datza. Etxaideren iduriko, «konponbidea eta bakea ekarriko dituen prozesua burutzea premiazkoa da Euskal Herriarentzat. Hau guztion zeregina da eta guztion erantzukizunaz baino ez da posible izango. Hortaz, LABek prozesu hau burutu dadin inplikatu eta lagundu egingo du».