NAIZ.INFO
ORDIZIA

Eulateko Ricardo Remirok irabazi du Ordiziako Ardi Gazta Lehiaketa

Eulateko Ricardo Remiro izan da garaile aurten Ordiziako Ardi Gazta Lehiaketaren 40. edizioan. Ondoren egin den enkantean, Bergarako Bolintxo okindegiak 7.500 euro ordaindu ditu gazta erdiagatik, iaz baino 100 euro gehiago.

Ricardo Remiro, gazta irabazlea eskutan duela, emaztea, semea, Igor Eguren alkatea eta Martin Garitano ahaldun nagusia ondoan dituela. (ARGAZKI PRESS)
Ricardo Remiro, gazta irabazlea eskutan duela, emaztea, semea, Igor Eguren alkatea eta Martin Garitano ahaldun nagusia ondoan dituela. (ARGAZKI PRESS)

Ordiziako Ardi Gazta Lehiaketa sonatuko txapela Eulateko Ricardo Remirok eraman du aurten. Ondoren egin den enkantean, Bergarako Bolintxo okindegiak 7.500 euro ordaindu ditu gazta erdiagatik, iaz baino 100 euro gehiago.

Remirok lehiaketa irabazten duen hirugarren aldia da. 2008an eta 2011n ere beretzat izan zen txapela. Horrenbestez, Urrezko Kutxa Garaikurra eman diote, txapelketa hiru aldiz irabazi duela-eta. Aurten 53 ekoizle aurkeztu dira eta epaimahaiburua Juan Mari Arzak sukaldaria izan da.

Egun handia dute gaurkoa Ordizian, Euskal Jaien baitan. Azoka bereziak milaka lagun erakarri ditu eta, urtero bezala, gazta lehiaketak ikusmin handia piztu du.