NAIZ.INFO
DONOSTIA

Udalbiltzak izaera estrategikoko hitzarmenak sinatuko ditu nazio eragile desberdinekin

Nazio eragileekin hitzarmen estrategikoak gauzatzea helburu duen ‘Euskal Herria Sendotzen’ programa aurkeztu du, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren baitan dagoena. Hala, nazio garapenari lotutako entitate sozialei aitortza instituzionala eta laguntza emango die Udalbiltzak.

Udalbiltzako Mertxe Aizpurua eta Gaindegiko Markel Arizmendi, hitzarmena sinatzen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltzako Mertxe Aizpurua eta Gaindegiko Markel Arizmendi, hitzarmena sinatzen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean eginiko agerraldi batean burutu dute egitasmoaren aurkezpena Udalbiltzako presidente Mertxe Aizpurua eta presidenteorde Iratxe Lopez de Aberasturik. Haiekin batera izan dira Gaindegia behatokiko presidente Markel Arizmendi eta koordinatzaile Imanol Esnaola, programaren baitako lehen hitzarmena Gaindegiarekin sinatu duelako Udalbiltzak.

Udalbiltzak 2002an sortu zuen Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa, eta joan den martxoaren 2an egindako batzar nagusian berriro abian jartzea erabaki zuen, hamar urteko etenaldi behartuaren ondoren.

Ekainaren 20an egin zuen aurkezpena eta, zuzendaritza osatu ostean, lehen erabakiak hartu ditu, hau da, ‘Euskal Herria sendotzen’ programa abian jartzean eta, programaren barnean, nazio eragile batekin egindako lehen hitzarmena aurkeztu du, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiarekin sinatutakoa, alegia.

Udalbiltzak nazio garapenari lotutako entitate sozialei dagokien aitortza instituzionala eman nahi die, eta ahal duen neurrian babes publikoa handitzen ahaleginduko da; eta horretara dator ‘Euskal Herria sendotzen’ programa.

Egituratze nazionala aintzat hartuta, Udalbiltzak lankidetzarako borondatea adierazten duten nazio eragileen premiak ezagutu eta lankidetza egitasmoa adostuko du, entitate horien premiak «askotarikoak» direlako, eta beraz, lankidetza egitasmo bakoitzak dagozkion jarduerak jasoko ditu.

Errealitate plural hori dela eta, lankidetza eta laguntzak era ezberdinetan gauzatzea aurreikusi ditu Udalbiltzak, besteak beste, babes instituzionala eta aitortza publikoa, sustapen laguntza, eta laguntza ekonomikoa.

‘Euskal Herria sendotzen’ programarako 90.000 euroko aurrekontu saila prestatu du 2013rako. Urtea amaitu aurretik nazio eraikuntzan diharduten zazpi edo zortzi eragile ezberdinekin hitzarmen estrategikoak sinatzea aurreikusten du.