NAIZ.INFO
IRUÑEA

«Pertsonen bizitza enpresarien etekinen aurretik» jartzeko beharra aldarrikatu du LABek

Sunsundeguitik kaleratua izan zen Jabi Paniagua altsasuarrak bere buruaz beste egin zuela salatzeko, mobilizazioak egin ditu LAB sindikatuak. «‘Kapitalismoak hiltzen du!’, lelo hutsa baino, errealitate» gordina dela nabarmendu dute.

Sindikatu abertzaleak deituta elkarretaratzea egin dute ostiral honetan patronal nafarraren egoitzaren aurrean, Jabi Paniagua Sunsundeguiko langile ohiak bere buruaz beste egin duela arbuiatzeko.

Atzo, aldiz, arrazoi berak ehunka lagun bildu zituen Altsasun eginiko manifestazioan.

LABek gogoratu duenez, «bi aldiz kaleratu zuten eta bigarrenaren ondotik erabaki zuen [Paniaguak] bere bizitzarekin amaitzea».

Zentzu horretan, «patronalaren xantaia, eraso eta mehatxuek» langileriarengan sortzen duten sufrimendua gogor kritikatu du sindikatuak, «Jabirena bezalako egoeretara iristeko punturaino».

«‘Kapitalismoak hiltzen du!’, lelo hutsa baino, errealitate gordina» dela nabarmendu dute, eta horregatik, «sistema anker honekin» amaitu beharra dagoela aldarrikatu, «pertsonen bizitza enpresarien etekinen aurretik jarriz».