NAIZ.INFO
GASTEIZ

Lakuak pentsio osagarria ordain dezala proposatuko du EH Bilduk

Gobernu espainolak aplikatzen dituen murrizketek euskal pentsiodunei eragiten dizkieten ondorioei aurre egiteko, Lakuako Gobernuak pentsio osagarriak ordaintzeko proposatuko du EH Bilduk ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarrean.

Dani Maeztuk eta Belen Arrondok aurkeztu dute EH Bilduren proposamena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Dani Maeztuk eta Belen Arrondok aurkeztu dute EH Bilduren proposamena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Belen Arrondo eta Dani Maeztu legebiltzarkideek EH Bilduk ostegun honetan Gasteizko Parlamentuan egingo den osoko bilkuran aurkeztuko duen proposamenaren berri eman dute.

Hala, EAEko pentsiodunen «bizi kalitatea eta eroste ahalmena bermatze aldera» eta Gobernu espainolak aplikatzen dituen murrizketen ondorioei aurre egiteko, Lakuako Gobernuak pentsio osagarria ordain dezala proposatuko du koalizioak.

Izan ere, EH Bilduren ustez euskal pentsiodunek «ez dute zergatik ordaindu behar PPren eta Gobernu espainolaren arduragabekeria eta haiekiko sentsibilitate falta».

Arrondok eta Maeztuk gogora ekarri dute EAJ eta PSE pentsioak murriztearen aurka agertu izan direla, eta hortaz «hitzetatik hortzetara» pasatzeko eskatu die.

Nolanahi ere, bi alderdi horiek EH Bilduren proposamenari eman dioten erantzuna «lotsagarritzat» jo dute, ezezkoa eman baitiote pentsio osagarria ordaintzeari.

«Baloiak kanpora botatzen dituzte eta errua Rajoyri leporatzen diote, baina neurri zehatzik planteatu gabe. EAJk eta PSEk euskal pentsiodunei azaldu beharko diete, beraz, zergatik uko egiten dioten Madrilen eraso honi erantzuteari, pentsio osagarria sortzeari, euskal pentsiodunen bizi baldintza duinak bermatzeari», nabarmendu dute.

Koalizioaren iritziz, EAJren erantzuna «are lotsagarriagoa» da, pentsio osagarriari ezetz esaten dion aldi berean «AHT ordaintzeko dirua aurreratzeko prest dagoelako».

EH Bilduko parlamentariek euskal pentsio sistema propio baten beharra aldarrikatu dute, eta hori lortu bitartean «burujabetza ariketa partzialak» egiteko deia egin diete jeltzaleei, «eskura ditugun baliabideak erabiliz Gobernu espainolaren bidegabekeriei aurre egiteko. Borondate politikoa behar da, besterik gabe».