Ostiral honetatik aurrera epaitzen hasi diren 25 donostiarrei hauteskunde delitua egozten die fiskalak, eta horietako batzuei desobedientzia ere.
Aurreneko saioan, Fiskaltzaren galderak erantzuteari uko egin diote eta auziaren motibazio politikoa aldarrikatu dute.
Epaiketa hasi baino lehen, hamarka lagunek elkarretaratzea burutu dute epaitegi aurrean, auzia salatu eta auziperatuei babesa adierazteko.
2009ko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker abertzalearen legez kanporaketa salatzeagatik abiatutako epaiketaren hurrengo saioa astelehenean egingo dute. Egun horretan bertan, gazte mugimenduaren aurkako epaiketa hasiko da Madrilen. 40 auziperatu daude sumari horretan, tartean sei donostiar.
Hori dela-eta, bi epaiketok salatzeko, elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 19.30ean, Egia kalean. Aldi berean, urriaren 19an Katalunia plazan ekitaldia egingo dutela jakinarazi dute, datozen hilabeteotan egingo duten lanaren berri emateko.