@gara_augarte
DONOSTIA

Prezioak merkatu egin dira Araban, Bizkaian eta Nafarroan

Prezioek behera egin dute irailean Nafarroan, Araban eta Bizkaian, eta ez dute aldaketarik izan Gipuzkoan. Urte arteko inflazio tasa nabarmen jaitsi da, iaz indarrean sartu zen BEZaren igoeraren efektua amaituta.

Jakien prezioen merkatzeak eragina izan du KPIren beherakadan.
Jakien prezioen merkatzeak eragina izan du KPIren beherakadan.

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) behera egin du irailean Araban, Bizkaian eta Nafarroan aurreko hilabetearekin alderatuta, eta ez du aldaketarik izan Gipuzkoan, INE estatistika institutu espainolak gaur eman dituen datuen arabera.

Beherakadarik handiena Araban izan da, prezioak %0,4 jaitsi baitira abuztutik irailera. Nafarroan %0,3koa izan da jaitsiera eta Bizkaian, aldiz, %0,2koa.

Urte arteko inflazio tasari dagokionez, beheranzko joerari eutsi dio irailean eta nabarmen jaitsi da lau herrialdeetan. Nafarroan %1,2 jaitsi da eta %0,0ko tasarekin geratu da. Araban %0,5eko inflazioa dute; eta Bizkaian eta Gipuzkoan, %0,7koa.

INEren arabera, iaz BEZaren igoerak gorakada handia eragin zuen KPIn, baina aurten efektu hori ez da nozitu eta horregatik 2012ko datuekin konparaketa egiterakoan alde handia dago.

Jaki eta alkoholik gabeko edarien eta garraioaren merkatzeak izan du eragin handiena prezioen beherakadan.