MAIDER EIZMENDI
Elkarrizketa
Jose Luis Garcia
Psikologoa eta sexologoa

«Ezintasunen bat dutenen integrazioak ez ditu oraindik ere harreman afektibo eta sexualak kontuan hartzen»

Iruñeko Iturrama auzoko osasun etxeko psikologoa da Jose Luis Garcia, baita sexologia arloan aditua ere. Urteak daramatza ezgaitasun psikikoa duten pertsonen eskubide sexualak aldarrikatzen, baina, oraindik orain, nahiko lukeen errealitatetik «oso urrun» gaudela nabarmendu du. Krisiaren eraginez, gainera, aurrera beharrean atzera egin dugula ohartarazi du.

José Luis García.
José Luis García.

Ezintasunen bat duten pertsonen sexu eskubideak aldarrikatzen dituzu.
Lehenik eta behin, beharrezkoa da errepaso historiko bat egin eta ezintasunen bat duten pertsonek egokia ez den tratamendu bat izan dutela esatea. Orain gutxi arte, behe-mailako izaki gisa hartuak izan dira. Asko ezegokiak diren lekuetan sartu izan dituzte. XIX. eta XX. mendeetan aldaketa garrantzitsuak izan ziren, pertsona hauen eskubideak gainerako herritarrenekin parekatzen saiatu ziren legeak izan zirelako. Arlo batzuetan gauza garrantzitsuak lortu dira, esaterako, lege aldetik. Badira lege zehatzak lan merkatuko zenbait alor sustatu dituztenak, hezkuntza... Esan daiteke, beraz, azken mendean aurrerapen handiak egin direla, nahiz eta gaur egun berriz ere zalantzan jartzen ari diren. Azkeneko hau oso urte gogorra izan da, atzerapauso handia egin da hezkuntzan eta arlo profesionalean. Murrizketak oso handiak izan dira eta arlo askotan atzerakada eragin dute. Azken batean, ezintasun psikikoren bat duten pertsonak ahalmenak dituzten pertsonak dira, baldin eta horretarako beharrezko baliabideak ematen bazaizkie, noski.

Eta ez zaizkie ematen...
Une honetan bigarren mailako herritarrak direla dirudi, orain ehun urte gertatzen zen moduan. Laguntza behar dute, bai behintzat euren gizarteratzea nahi badugu.

Lortutakoa galtzeko arriskua bada, nola aldarrikatu oraindik ere erabat lortu ez dena?
Horixe da gakoa. Mundu afektibo eta sexualarekin lotutako aldarrikapenak beste eskaera batzuk eskuratu ondoren lortu izan dira. Hezkuntza eta lan arloko aurrerapenak egin dira, baina oraindik ere onartzeko dago pertsona hauek behar afektibo eta sexualak dituztela. Lan horretan ari ginen azken hamarkadetan, baina oraintxe zalantzan jarri da erabat hori guztia.

Alor hau lantzea, ordea, ezinbestekoa dela diozu.
Ezintasunen bat duten pertsona guztiak ezin dira zaku berdinean sartu, baina, orokorrean, esan daiteke pertsona hauek gainerako pertsonen behar berak dituztela: beste pertsonekiko erakarpena sentitzen dute, maitemindu egiten dira, sexu desira sentitzen dute, masturbatu egiten dira... Hori dena naturaltasunez bizitzeko gai dira gehienak baldin eta horretarako baldintzak ematen bazaizkie. Bestalde, mutil eta neska hauek sexua edonon dagoen gizarte batean bizi dira. Eurek ere, noski, estimulu horiek jasotzen dituzte. Prestakuntza egokia ez dutenez, inork ezer azaltzen ez dienez, oso zaurgarriak dira. Nahi gabeko haurdunaldi bat izateko eta, batez ere, gehiegikeria sexualak jasateko ezintasunik ez duten gazteek baino arrisku askoz handiago dute. Horregatik, beti proposatu izan dugu gazteok alor honetan ahaldundu egin behar ditugula, besteak beste arrisku gutxiago izan ditzaten. Argi dago zein den ezintasun psikiko bat duten gazteen gurasoek, neskenak batez ere, duten beldurrik handiena: seme-alabek sexu erasoak jasatea. Horrek, noski, asko baldintzatzen du seme-alabon heziketa eta bizitza, baita euron gaineko kontrola ere. Dena halako erasorik jasan ez dezaten lortzera zuzenduta dago. Zenbait kasutan, ordea, kontrola hain da handia pertsona gisa ere ezereztu ditzaketela seme-alabak. Nire ustez, lasaiago jokatu beharko lukete, eta, erreprimitu beharrean, pertsona hauek ahaldundu.

Beldurraz hitz egin duzu, pertsona hauen plazeraz ez da oraindik ere hitz egiten hasi?
Oraindik oso urruti gaude egoera horretatik. Une honetan, sexu heziketa prebentzioaren bidez jorratzearekin ere konformatuko nintzateke. Behin sarrera hori eginda, beste gauza batzuk landu ditzakegu. Masturbazioren gaiari helduta, esaterako, egun ezinezkoa da ezgaitasun psikikoa duten nesken gurasoek euren alabek masturbatzeko beharra dutela onartzea. Mutilen kasuan, tolerantzia gehiago dago. Pertsonen arteko harremanei dagokionean, zaila da neska batek harreman sexual bat izatea gizon batekin, baina, mutilen kasuan, guraso batzuk, salbuespen kasu batean, kontrata dezakete prostituta baten zerbitzua. Nesken kasuan hori ezin da pentsatu ere egin.

Bikote harremanak garatzeko orduan ere  zailtasun gehiago jartzen zaizkie?
Bai. Oraindik oso zaila da gurasoek bikote harremana ezagutu, erraztu edo sustatzea. Neska-mutil gehienak arlo honetan inolako sentsaziorik ez izatera kondenatuta daude.

Kanpoan ere ibilia zara hitzaldiak ematen. Zer-nolako errealitateak topatu dituzu Europan?
Nik batez ere Hego Amerika ezagutzen dut, baina, Europan, zalantzarik gabe, sentsibilitate gehiago dago gai honen inguruan. Baliabide gehiago ere badituzte. Gure aurretik daude. Danimarkan, Kopenhageko Udalak baditu zerbitzuak arazo psikikoak dituzten pertsonei laguntzeko eta bertan eskaintzen diren zerbitzuen artean dago, adibidez, sexu harremanak izateko segurtasun laguntza. Hala, monitorea arduratzen da sexu harremana izan aurretik kondoia jartzeaz edota behin amaitutakoan ondo kentzeaz. Hemen, ezinezkoa da halakorik planteatzea ere. Zergatik eskaintzen ditugu baliabideak bestelako eguneroko aktibitateak egiteko eta ez sexu arlokoak egiteko? Inbertsio handiak egiten dira, adibidez, ezgaitasun bat duen pertsonari mugikortasuna erraztuko dion gailu bat eskaintzeko, baina, aldiz, sexu arloari ez zaio garrantzirik ematen.

Beste herrialde batzuetan ere badira antzeko adibideak.
Bai, Danimarka aipatu dut, baina Austria, Suedia, Norvegian... ere eskaintzen dira sexuari lotutako zerbitzuak. Suitzan, esaterako, bada kontaktu sexualak errazten dituen elkarte bat ere.

Katalunian ere indarra hartzen ari den aldarrikapena da.
Bai, baina eskaera bakartuak dira, eta, beraz, oso zaila da ezintasunak dituzten pertsonei baliabideak ematea bizitza sexual osasungarria izan dezaten. Berriz diot, uneotan heziketa sexuala gutxika ikasgeletan eta familietan sartzen joatearekin konformatzen naiz. Hor dagoen horma gainditutakoan has gintezke, akaso, bestelakoak eskatzen.

Zer-nolako ezaugarriak izan beharko lituzke heziketa horrek?
Gainerako gazteei eman beharko litzaiekeenaren parekoa behar luke ezintasun psikikoren bat duten pertsonei emandako heziketak, beren ezaugarrietara egokituta, noski. Azalpen argiagoak eman behar zaizkie, baita beste gai batzuk jorratzen direnean ere. Integrazioak, gaur egun, ez ditu harreman afektibo eta sexualak barne hartzen. Guraso eta hezitzaileei pertsona hauen tokian jartzeko eskatuko nieke. Sentitzen duten, hunkitzen diren, maitemintzen diren pertsonak dira eta aukera eman behar zaie sentsazioa horiek bizitzeko.