Naiz.info
Donostia

Senideek kezkaz ikusten dute Sevillako presoen borrokaldia

Sevillako euskal presoek hamaikagarren eguna daramate borrokaldian eta senideei kezka eragiten die egoerak. Kartzelan bizi den inpunitate egoera salatu dute eta Sevillaz harago, Estatuan sakabanatuta dauden hainbat euskal preso askok egoera berbera jasaten dutela ohartarazi.

Hamaika egun daramatzate gose greban Sevillako espetxean diren Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul presoek. Beste bik –Javi Agirre eta Iñaki Arakama– ez dute baraurik egin arrazoi desberdinak tarteko, eta itxialdian daude.

Egoeraren larritasunaz ohartuta, kezka agertu dute senideek Infozazpi Irratian egindako elkarrizketa batean. Zehazki Goikoetxearen bikotekide den Onintza Lopez de Munainek hitz egin du haien izenean. Gose grebaren eraginez apurka-apurka ahuldadea nabaritzen hasiak direla esan du, baina «indartsu» daudela azpimarratu.

Borrokaldiaren helburua Sevillako espetxean bizi dituzte baldintzak hobetzea da. Besteak beste, isolamendu egoera, katxeoak, mediku zerbitzu bermatu gabea eta tratu txarrak dira salatzen dituzten egoeretako zenbait.

Senideek argi dute ordea eguneroko bizitzan ez dela posible halako egoera bat aurrera eramatea ez badago inor guzti hau babesten duenik. Beraien iritziz, kasu honetan, «espetxeko segurtasun zuzendari ordearen babesa» dute funtzionarioek.

Ohartarazi du, bestalde, senideek denbora daramatela beraien egoeraz arduratuta eta, egun, arduraz gain, amorrua ere sentitzen dutela nabarmendu du, jasaten dituzten bizi baldintza kaskarrak direla-eta.

Preso politikoek abiatutako borrokaldiak, ordea, babesa jaso du espetxe barruan. Izan ere, kartzela berean diren zenbait preso sozialek ere bat egin dute gose grebarekin.

Bateratzen honek, Lopez de Munainek esan duenez, Espetxeetako Zaintza epailearen bisita ekarri du. «Espetxeetako Zaintza epailea doa gaur Sevillara. Uste dugu preso sozialak ere borrokan sartu izanak eragin duela bere etorrera», azaldu du.

Gose greban dauden zenbait presok dagoeneko bost kilo galdu dituzte.