Oihana Llorente | GAUR8

«Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka»

Osteguna, azaroak 14. Hori da «Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka» izenburupean urrian abiatu zuten kanpainaren amaiera data. 50 euroren truke eskuratu ahal da saski ederra Euskal Herriaren luze zabalean.

Horixe du lema urriaren 28an hasi eta azaroaren 14an itxiko duten udazkeneko kanpainak. Zehazki, bi olio botila (bat ekologikoa), hiru piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, bi zainzuri lata, tomate eta pikillo saltsa ekologikoa, eta barazki krema ekologikoa erosteko aukera da Errigorak sasoi honetan eskaintzen duena. Guztia, gainera, 50 euroren truke.

Osteguna bitarte dute zerrendak egiteko garaia eta aurreikuspen guztiak gainditu dituzte dagoeneko, izan ere, 450 eskari puntu dituzte zazpi euskal herrialdeetan barna. «Eskaria egiteko 400 kutxa prestatu genituen baina dagoeneko gainditu dugu marka hori. Sekulako oihartzuna lortu dugu Internet eta WhatsApp bidez», azaldu du Peru Aranburuk pozarren. Ikastolen Elkartea, AEK eta Sortzen Ikasbatuaz-ekin duten elkarlana dela-eta, eskolak eta euskaltegiak saskien eskaria egiteko leku naturalak bilakatu dira. Ez dira, baina, leku bakarrak. Errigorak sare formatuan funtzionatzen duenez, elkarte horiez gainera, 60 bat herritan ere hiruzpalau laguneko sareak osatzea lortu dute. «Herri horietan, eskola edota euskaltegiaz aparte, udala bera, fabrika bat edota elkarteren bat izan daiteke eskaria egiteko lekua», azaldu du Aranburuk.

Eskaria itxita, produktuak ekoitzi dituzten bost hornitzaileen txanda izango da. Haiek produktuak igorri ondoren, kutxetan bildu beharko dituzte. Lan hori auzolanean egingo dute, eta, azaldu digutenez, pabiloi bat alokatu dute asteburu baterako. Tarte horretan eta 50 bat lagunen borondatezko lanari esker osatuko dituzte kutxak. Behin kutxak dagokien bezala osatuta, banaketa bakarrik faltako litzateke. Oraingoz nola egingo duten aztertzen ari diren arren, argi dute herriz herri tokikoen laguntza beharko dutela.