@Belastegi
DONOSTIA
Elkarrizketa
Andoni LUBAKI
Fotokazetaria

«Arriskuan zaudenean ez hasi argi egokia bilatzen; kliskatu eta listo»

Urretxun jaioa (1982) argazkilaritza bere kabuz ikasi zuen Andoni Lubakik. Zaletasuna eskolako txango batera joateko aitari kamera kendu zionean sortu zitzaion. Egun, munduko gatazken erdigunean dabil bere kamerarekin; GARAko orrietan ikus dezakegu batzuetan, Associated Press agentzian bestetan.

Andoni Lubaki, Alepon (Siria). (Andoni LUBAKI)
Andoni Lubaki, Alepon (Siria). (Andoni LUBAKI)

Sakeleko telefonoa hiru aldiz kargatu behar izan du gaur Andoni Lubakik. Ez da harritzekoa, argazkilari euskaldunak nazioarteko hiru sari garrantzitsu eskuratu baititu Atlantako fotokazetaritzako seminarioaren baitan Siriako gerran egindako lanagatik: argazkirik onenea, erreportajerik onena eta gerra argazkilaririk onena. Azken hau 2011ko apirilean Libian hil zen Chris Hondros fotokazetari estatubatuarraren omenez eskainitakoa, eta aurten bigarren aldiz banatzen da.

Zer suposatzen du zuretzat sari hauek jasotzea?
Alde batetik, errekonozimendua ematen dit. Egia esan, sekulako poza eman dit jasotzeak. Erabateko sorpresa izan da bigarren eta hirugarren postuetan zein argazkilari gelditu diren ikustea. Ni baino mila aldiz argazkilari hobeak direla uste dut, eta bat batean pertsona batzuk esatea nire lana horien gainetik dagoela, ba pentsa...

Baina bestalde, aspaldiko argazkiak ikusten hasi naiz eta konturatu naiz bertan ageri diren asko hilda daudela. Gatazkako irudiak atera egin behar dira, jakinda aurrean dituzun pertsonak asko sufritzen ari direla. Besteen minaz nik sari hau irabazi dudanez, sari mingotsa da.

Argazkilariak, ehiztariak bezala, pazientzia izan behar du une egokian kliskatzeko. Nola izan daiteke pazientzia une arriskutsu horietan?
Natura argazkilaritza egiten baduzu pazientzia izan behar da baina honelako situazioetan pazientzia izatea nahiko zaila izaten da. Hala ere, argazkia bilatzera egunero atera behar duzu; agian lehenengo egunean ez duzu argazkirik aterako baina hurrengoan bai. Arriskuan zaudenean ez hasi argi egokia bilatzen; kliskatu eta listo. Atera ezazu ahal duzun bezala eta hortik onik atera.

Zure ustez, zein da argazkilari baten funtzioa gerran edo beste testuinguru batean?
Aurrean daukazuna ahalik eta fideltasun handienarekin erregistratzea, aldez aurretik jakinda argazkilaritza ez dela objetiboa.