NAIZ.INFO
Baiona

Euskal jendartearen «babesa eta laguntza» eskatu dute iheslariek Iurrebasoren atxiloketaren ostean

Jon Iurrebasoren atxiloketa salatu du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak. Egungo testuinguruan onartezina dela dio eta Iurrebasok eritasun larri bat duela gogoratu du. Konponbidearen alde urratsak emateko prest daudela berretsi du Kolektiboak, ekaineko euren proposamena gogoratu du eta euskal jendarteari «babesa eta laguntza» eskatu die jazarpenari amaiera emateko.

Iheslarien kolektiboaren ekitaldia ekainean Biarritzen. (Gaizka IROZ)
Iheslarien kolektiboaren ekitaldia ekainean Biarritzen. (Gaizka IROZ)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ohar bidez salatu du Jon Iurrebasoren atxiloketa. Batetik, egungo testuinguruan onartezina dela diote; eta bestetik, bere osasun egoera kontuan harturik atxiloketak kalte larria eragin ahal diola. Iurrebasok eritasun larri bat dauka eta medikuen zaintzapean bizi da.

Kolektiboak gogoratu du agerian bizi dela Iurrebaso Lapurdin eta bertako gizarte bizitzan erroturik dagoela. Jokin Aranalderen egoera ere gogoratu dute, Parisko epaitegi batek bere aurkako euroagindua onartu ostean ezkutuan bizi da Aranalde.

Egoera horren aurrean akordioak lehenetsi behar direla dio Kolektiboak eta arazo politikoari «konponbide demokratiko eta justu bat» emateko deia egin du. Euskal jendarteari ere zuzendu zaio iheslarien kolektiboa, «babesa eta laguntza» eskatu dituzte «jazarpenari amaiera emateko».

Iheslariek konponbide prozesuan parte hartzeko eskubidea dutela berretsi dute oharrean eta «urratsak emateko prest» daudela. Ekainean Biarritzen plazaratu zuten konponbide proposamenari eusteko prest daudela ere adierazi dute.