Naiz.info
Durango

Ateak ireki eta beherehala bete da Landako gunea

Goizeko 10.00etan zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak, krisialdia berriro ere ate joka duen edizioari hasiera emanez. Igandera bitarte, kultur jario iraunkor izango da Durango, izan ere, Landakotik harago hirigune osoan barreiatuko den emaria izango baita aurten ‘Kulturaren plaza’.

Ikasleek bete dute Landako Azokaren lehen orduetan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ikasleek bete dute Landako Azokaren lehen orduetan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Berrogeita zortzigarrena da gaurtik aurrera Durangoko Azoka. 10.30etan ireki ditu ateak eta berehala bete da Landako gunea. Ikasleei zuzendutakoak dira lehen orduak eta inaugurazio ekitaldi ofiziala arratsaldean izango da, 18.30ean, Areto Nagusian. Eta aurtengo gonbidatua, Eskozia. Argizaiola, bere aldetik, William A. Douglass antropologoak jasoko du.

Berrikuntza gisa, hirigunera egingo duen hedapena eta eskoziar literatura gonbidatu nagusia. Atzean, azken urteetan bezala, krisialdiaren mamua zelatan. Azokak ez dio, baina, kultur emari izaten jarraitzeari uko egingo.

Azoka ‘Kulturaren Plaza’ izango da aurten eta plaza hori Durango osora zabalduko da. Landako gunetik bertatik ezarriko da konexio hori, ohiko sarrera izateaz gain, herrira begira, atzeko aldean, beste sargune bat izango baitu.

Eta Azokako bi gunek lekualdaketa jasango dute. Ahotsenea Landako atzean ezarriko da eta Irudienea, Zugaza zinemetan.

Ahotseneak sekulako arrakasta izan du aurtengoan ere. Bi egunetan lanak aurkezteko irekitako zerrendak bete egin dira. Hala ere, lekurik gabe geratu diren zenbait taldek Plateruenan izango dute beren txokoa.

Gainontzeko guneen kokapenak bere horretan jarraituko du. Areto Nagusiak eta Kabi@k Landako erakustazoka barruan. Kabi@ eremu digitalean ikasleek, jada, ordenagailu aurrean aritu ahal izan dute lehen momentutik.

Guneek ibilbidea Saguganbarak, Plateruenak, Ahotseneak, Irudieneak eta Szenatokiak osatzen dute. Batetik bestera ez daude bost minutu oinez.

Info7ren berezia

Hedabide ugarik esfortzu berezia egingo du egun hauetan Durangoko Azokaren berri mundura zabaltzeko, horien artean Info7 irratia. Kalegorrian saioaren bigarren zatia Azokatik bertatik egingo dute, 10.30etatik 12.00tara. Gotzon Barandiaran Ahotseneako arduraduna, Danele Sarriugarte idazlea eta Mikel Soto Txalapartako ordezkaria azokaren garrantziaz eta ereduz ariko dira solasean. Gerediaga Elkarteko kideek ere parte hartuko dute saio berezian eta Esne Beltza taldekoek ‘Gora!’ lan berria eramango dute Info7 irratiaren sintoniara. Bihar publiko egingo duten Zuzeneko Taupadak ekimenaren inguruan ere ariko dira saio berezian.