NAIZ.INFO
BAIONA

Seaskaren iritziz, prefeturak eginiko proposamena «ez da egokia» ikastolentzat

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ikastolentzat «konponbide orokorra» bilatzeko eginiko proposamenak «ez du deus aldatzen» ikastolen egoera, Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren iritziz, ez baitu konponbide orokorrik ekarriko.

Ikastalo Mani’Festa egin zuten larunbatean Baionan, ikastolentzat lege bat aldarrikatzeko. (Nahia GARAT)
Ikastalo Mani’Festa egin zuten larunbatean Baionan, ikastolentzat lege bat aldarrikatzeko. (Nahia GARAT)

Pirinio Atlantikoetako prefturaren proposamenaren inguruan mintzatu da Paxkal Indo Seaskako lehendakaria. Zirkularraren berri Garapen Kontseiluko azken biltzarrean izan zuela azaldu du, baina xehetasunak prentsaren bitartez jakin dituela erantsi du. Pierre-Andre Durand prefetak ez zuen zehaztasunik eman bileran.

Kazeta.infok jaso duenez, Indoren iritziz proposamen horrek «ez du deus aldatzen» ikastolen egoera. Falloux Legea ez dela «egokia» oroitarazi du eta «Hezkuntzaren Kodea» aldatu behar dela aldarrikatu du.

Seaskak «misio publikoak» betetzen dituela nabarmendu du ikastolen federazioko lehendakariak, eta bi misio horiek «euskara eta hezkuntza» direla gogora ekarri du.

Prefetaren zirkularrak «ez du deus eramanen» ikastolentzat Indoren ustez eta, hortaz, Seaskak ikastolen aldeko «lege bat sortu arte» borrokan jarraituko du.

Izan ere, «Hezkuntza Kodearen berrirakurketak Falloux Legearen funtsa» ez duela konponduko ohartarazi du. Prefeturaren proposamenak Beskoitzeko ikastolarentzat aterabide bat ekartzen baldin badu ere, funtsezko arazoa ez duela konponduko dio Indok, hau da, eskola publikoen eta pribatuen arteko tratamendu desberdintasuna.

Bere aburuz, prefeturaren proposamenak ez du konponbide orokorrik ekarriko, erakunde horrek egindako berrirakurketa ez baita «egokia». Indorentzat, Seaska «baztertua» geldituko litzateke.