Amagoia Mujika | Gaur8

Jendarteak itsasoa osatu behar du elite politikoek oinak bustita igarriko badituzte

Tanta gauza txikia da, ahula, apenas bustitzen duena. Tanta askok, ordea, itsasoa egiten dute, indartsua eta ahalmen handikoa dena. Tantaz Tanta ekimenak Bilbon jarria du gaur hitzordua, kaleak itsaso bihurtzeko, preso politikoen giza eskubideen aldeko olatu erraldoia harrotzeko, egoera konponbidearen ur bazterrera eramateko.

Azken asteotan herri askotan izan dira Tantaz Tanta ekimeneko hitzorduak. Irudian, joan den asteburuan Zarautzen izandako ekitaldi bat. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)
Azken asteotan herri askotan izan dira Tantaz Tanta ekimeneko hitzorduak. Irudian, joan den asteburuan Zarautzen izandako ekitaldi bat. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Alferrikakoa da itsasoari atea ixtea. Nahi duenean, beharrezko ikusten duenean, bere indarraren erakustaldi bat egin eta dena airean botatzen du. Hori horrela dela ezin ukatu, eta, norbaitek zalantzak baldin bazituen, ederki argitu dizkio itsasoak azken egunotan. Tantaz Tanta ekimena martxan jarri dutenek ziurtasun berdinarekin sinesten dute herri baten nahia ezin dela hesitu. Baina itsasoa ez da izate izugarri bat, tantaz tanta eraikitako osotasun gazi bat baizik. Tanta bakoitza da itsasoaren edertasun basati eta mugagabe horren parte, berdin bare dagoenean edo nahasi. Eta herri bat ez da hormigoizko bloke bat, herri bat herritarrek osatutako itsaso bat da. Eta herritar bakoitzak ematen dio kolorea, berdin bere argiunetan eta berdin ubelunetan. Eta hori da, hain juxtu, kanpainaren mezu nagusia: herritarren txanda da, herriaren garaia.

Amets Martinez Tantaz Tanta ekimeneko kidea da. Bere hitzetan, «duela aste batzuk hasi genuen tanta biltze kanpaina eta egun potoloa Bilbokoa izango bada ere, garrantzitsuena tanta horietako bakoitzak presoen giza eskubideen errespetuaren alde hartu duen konpromisoa da».

Bilbokoa ez da manifestazio bat izango, egun osoko mobilizazio bat izango da. Asmoa da ahalik eta eremu publiko gehien okupatzea. «Ez da manifestazio bat izango, itsaso bat baizik, milaka eta milaka ur-tantak osatutako adierazpen banakako eta kolektibo bat. Bertan ez da betiko pankartarik izango, ez eta politikarien adierazpenik edo amaierako komunikaturik. Herritarron esku hartze ariketa erraldoia izango da, zenbait orduz eta agertoki desberdinetan hedatuko dena, marea baten antzera», zehaztu dute ekimenaren bultzatzaileek. Hartara, bi zutabe izango dira, bata Areatzatik aterako dena, eta, bestea, La Casillatik. «Bi zutabeak elkartzen direnean itsasoa sortuko dugu. Egun osoko egitarauan aukera oso zabala izango da, goizetik gauera. Baina puntu garrantzitsuena 17.30ean sortuko dugun itsaso hori izango da», segitu du Martinezek.

«Pertsonak elkartzeaz ari gara»

Duela aste batzuk martxan jarritako kanpainaren oinarria tantak dira, pertsonak. «Ez gara alderdiak edo erakundeak elkartzeaz ari, pertsonak elkartzeaz baizik. Izan ere, kanpaina honen zutabea pertsonak dira soilik, gakoa zure tanta da, zurea eta zure amarena, auzokoarena, unibertsitateko lagunarena, lankidearena... Gure tanta guztiak dira beharrezkoak orain», esan dute zabaldutako mezuan.

Izan ere, egoera politikoari begira igartzen den «blokeo egoera» hori askatzeko giltza jendarteak bere esku daukala konbentzituta daude. «Gatazka blokeatu egin dute elite politikoek; batzuek blokeo hori mantendu egiten dute eta besteak ez dira gai egoera hori askatzeko eta iraultzeko. Guk garbi daukagu gure txanda heldu dela, jendartearen txanda», esan du Martinezek. «Gure konpromisoaren bitartez presoen gaiari eutsi eta korapiloa askatzeko unea iritsi da, iruditzen zaigulako egoera konpontzeko bidean urrats handia izango dela».

Tantak pertsonak dira eta tanta izateak konpromisoa dakar. Baina, zein baldintza bete behar ditu pertsonak tanta izateko? «Tanta izatea presoen giza eskubideen aldeko borrokan konpromisoa hartzea da. Horretarako www.tantaztanta.info helbidean izena eman daiteke. Izena emateak presoen giza eskubideen aldeko borrokan konpromisoa hartzen duzula esan nahi du, tanta egiten zarela alegia. Lehenengo gauza, beraz, tanta egitea da eta hortik aurrera tanta gehiago lortzea. Zure inguruan, sendian, lantokian... gaiaren inguruan hitz egitea eta presoen egoera eta bere giza eskubideen urraketa zabaltzea. Eta hirugarrenik, tanta hori agerian jarri beharra dago, etxeko leihoetan esaterako». Tanta, konpromisoa, egunerorako janztea da, beraz, gakoetako bat.

Hortik aurrera, bakoitzak bere neurriko eta mailako konpromisoa eta laguntza eskain dakioke Tantaz Tanta ekimenari. Auzolanaren estiloan, bakoitzak dakienetik eman dakioke. «Herriko dinamikan parte hartzea, ekimen kulturalak antolatzea, bestelakoak bultzatzea... ez dago konpromisoen zerrenda zehatzik eta guztiak– txikiak, ertainak eta handiak– ongi etorriak izango dira», jarraitu du.

Energia positiboa

Tantaz Tanta ekimena herritik eta herriari begira sortutako ekimena da, ez da inongo sigla politikoren izenean ari. Herritar sare batek osatu du herritar gehiago biltzeko asmoz. Hori da ekimenaren arima. Beraiek zehaztu dutenez, «ekimen hau ez da preso edo iheslariei babes edo sostengu politikoa emateko jaio. Gure itsasoaren oinarrian giza eskubideen errespetua dago, baita uste sakon bat ere: konponbidea eta bakea lortzeko behar-beharrezkoa da pertsona hauek etxera itzultzeko bidea egitea». Martinezen esanetan, «espetxe politika aldatzen baldin bada blokeo egoera hori askatu egingo da konponbideari dagokionez».

Azken asteotan izan diren zenbait mugimendu, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena eta zenbait preso ohien agerraldia kasu, aurrera egindako urratsak dira Tantaz Tanta ekimeneko kideen ustez. «Esan dituztenak eta horiek izan duten harrera oso baikorrak izan dira. Pausu guztiak dira onuragarriak. Baina espetxeetako giltzak dituztenak dira orain mugitu eta sakabanaketarekin amaitu behar dutenak», esan du. 2014. urtea hasi berritan, Martinez ez da ausartzen iragarpenak egitera, «baina ziur dakidana da guztion konpromisoarekin lortuko dugula sakabanaketarekin amaitzea. Dakidana da oso garrantzitsua dela tantak bildu eta itsasoa egitea, baina egunero-egunero, ez Bilboko mobilizazioan bakarrik».

Jendartearen txanda da

Indarra jendarteak daukala. Herriak bultzatu behar duela prozesua. Gure txanda dela. Asko eta toki askotatik iristen diren mezuak dira, baina noraino sinesten du jendarteak bere ahalmenean? Noraino sinesten du benetan giltza herritar bakoitzaren eskuan dagoela? «Guk ez daukagu inolako zalantzarik. Egoera ez dago beharko zukeen tokian elite politikoak ez direlako horra eramateko gai. Jendarteak eraman behar du egoera egon behar duen tokira. Eta hori presoen sakabanaketaren amaiera da. 25 urte bete dituen politika krudel horrekin bukatu beharra dago», iritzi dio Martinezek.

Gauzak aldatu nahi dituen herri ekimen handi baten parte izatea da proposatzen dutena. «Asko dugu jokoan orain, eta une historiko honetan protagonista bihurtzearen pareko da tanta izatea». Bilboko deialdiko bezperatan giroa sumatzen zen dagoeneko, «sare sozialetan eta badabil mugimendua. Jendearen ekarpen asko ari zaizkigu iristen eta igartzen da badagoela aldarrikapen horren aldeko jarrera. Jendeak gogoa dauka itsaso horretan parte hartzeko eta aurrerantzean ere konpromiso horrekin segitzeko», bukatu du.

Hortik aurrera, deia argia eta zuzena da: tanta bat bakarrik gauza txikia da, ahula, baina tanta askok itsasoa egiten dute eta itsaso horrek egungo egoera sozial eta politikoa busti eta arrastaka eraman dezake konponbidea izena duen bide horretaraino.


Herriz herri, Euskal Herriaren kanpotik ere bai, bideo ugari ekoitzi dituzte Bilboko itsasora deituz