Arantxa MANTEROLA

Euroituna berresteko finkatu artikulua «arriskutsua» litzateke hizkuntzentzat

Urtarrilaren 22tik goiti Asanblea Nazionalak Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea bideratuko lukeen Konstituzioaren aldaketa eztabaidatzen hasiko da, PSko diputatu batzuk idatzitako testuan oinarrituz. Idatziak, ordea, koofizialtasunari ateak ixteko arriskua dakar berarekin.

Estatu frantsesak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berreste aldera behar den Konstituzioaren aldaketarako lege proposamenaren testua finkatu du Lege Batzordeak. Asteartean egindako eztabaidan zuzenketa guztiak baztertuta, azkenean Jean-Jacques Urvoas diputatu sozialistak hainbat kiderekin -tartean Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux euskal diputatuak- sustatutako testua gailendu zen.

Testuak Konstituzioari 53-3 artikulua gehituko lioke eta bertan Errepublikak 1992ko azaroaren 5ean Europako Kontseiluak onartutako Ituna berresten ahal duela dio. Horrez gain, bi «interpretazio-azalpen» jasotzen ditu. Batetik, itunean aipatzen diren «hiztunen taldeek» ez dituztela eskubide kolektiboak sortzen eta, hortaz, ez duela herritar frantsesen berdintasun printzipioarekin talka egiten. Bestetik, Itunaren hainbat artikuluk ez dutela Konstituzioaren 2. artikulua urratzen, administrazio publikoan erabiltzen den hizkuntza frantsesa dela dioena.

Klausula polemikoak

Lege Batzordeko eztabaidan parte hartu zuten diputatuen artean bi klausula horiek izan ziren, hain zuzen, eztabaida biziena eragin zutenak.

Interpretazio horiek Konstituzioan sartzearen aldekoek era horretan diputatu eta senatari gehiagoren babesa lortuko duela zioten nagusiki. Aurkakoek, berriz, aipamen horiek «mugak konstituzionalizatzen» dituztela eta aurrerantzean hizkuntzak sustatzeko ezar daitezkeen neurri edota legeak erabat baldintzatuko lituzketela zioten.

Hain zuzen, «arrisku» hori da hizkuntza gutxituen alde dihardutenen beldur nagusia. Esate baterako, Euskal Konfederazioak argi utzi du halako zehaztasunak Konstituzioan txertatuko balira, inoiz hizkuntzon koofizialtasuna lortzeko oztopo bilakatuko liratekeela. Korsikak ere kezka bera agertu du, hain justu bertako Parlamentua koofizialtasunaren alde agertuta, eskaera hori Gobernuaren mahai gainean jartzen ari den unean.

Lege proposamenaren eztabaida urtarrilaren 22an hasiko da Asanblea Nazionalean. Han onartuko balitz, Senatuaren gehiengoaren babesa beharko luke, eta hurrengo urratsa erreferenduma egitea litzateke. Gobernuak, ordea, ez luke izango horraino ailegatzeko asmorik eta sostengu aski dagoela ikusiko balu, zuzenean lege proiektua aurkeztuko luke.