NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako proiektu estrategikoak ez kaltetzeko konpromisoa adierazi dio Sustapen Ministerioak Udalari

Donostian eraiki daitezkeen tren azpiegiturek hiriko proiektu estrategikoetan eraginik ez izateko konpromisoa lortu du Udalak, Sustapen Ministerio espainolarekin Madrilen egindako bileran.

Sustapen Ministerioarekin Madrilen egindako bileraren harira, elkarretaratze batek AHT gelditzeko eskatu du Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sustapen Ministerioarekin Madrilen egindako bileraren harira, elkarretaratze batek AHT gelditzeko eskatu du Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Udalak oharra bidali du Madrilen egindako bileraz eta, azaldu dutenez, ATHren hirugarren hariak Txomin-Enean eta Martutenen eraginik ez izateko hartu du Sustapen Ministerioak, «berebizikoa baita bertako garapen urbanistikoa eta uholde arriskua gutxitzeko obrak egiteko garaian».

Horrekin batera, trenak izan dezakeen bideak «Campos Elíseos» bezala ezagutzen den zonaldean Plan Orokorraren Altxatzea etetea ez galarazteko hitza eman du Ministerioak.

Donostiako Udal Gobernua beste aspektu bat ere kezkatzen du, hain zuzen, egin litekeen tren azpiegiturak aurten ere martxan jarriko den Enertic eraikinean eragina izatea, eta hala jakinarazi dio Gobernu espainolari. Hasiera batean Sustapen sailak aurreikusitako bideak eraikin hura zatitzen zuen, baina Udalak «eraikina salbatzea ahalbidetzen duen doikuntza proposamena berrestea lortu du».

Tabakalerari dagokionez, eta Udal Gobernuak azpiegitura horren aurrean Gipuzkoa plazaren antzeko azalera izango lukeen gune publiko bat sorzeko duen helburuarekin, Exekutibo espainiarrak eskaera jaso eta onartu du, gai hau eraikuntza proiektuaren barruan txertatuz.

Donostiako Udalak esan duenez, betiere Gobernu espainolaren hitzak aipatuta, geltokia ere gaur egungo eredura hurbildu litzateke, hau da, «ez luke egungo geltokiak baino espazio gehiago» hartuko eta horrek Tabakalerako fatxada neurri batean estaltzea ekidingo du.

AHTren aurka

Udal Gobernuak argi utzi nahi izan du ez datorrela bat AHT eraikitzearekin, «are gutxiago gaur egungo egoera ekonomikoan», azpiegitura «neurrigabea» delako eta erakundeek beste lehentasun batzuk dituztela iritzita. «Hala ere, Madrilgo bilerara arduraz jokatzeagatik joan da eta hiriarentzat proiektu estrategikoak defenditzeko helburuarekin, hauek tren azpiegituren eraginez bideraezin egin ez daitezen», nabarmendu dute.

Beste alde batetik, EH Bildu koalizioak agerraldia egin du Donostian, eta Urkullu eta Barcinaren Gobernuei dei egin diete AHTren proiektua bertan behera uzteko.

Proiektua eragiten ari den gastuak kontuan hartuta, hari buruzko hausnarketa hasteko eskatu diete Lakua eta Iruñeko Gobernuei.

Madrilen burutu den batzarraren harira, eta Abiadura Handiko Trenaren proiektua bertan behera utz dezatela eskatzeko, elkarretaratzea egin dute Donostian.