NAIZ.INFO
DONOSTIA

Danbor hotsak nagusi Donostiako eta Azpeitiako kaleetan

Gauerdian lehertu da festa Donostian eta Azpeitian. San Sebastian eguneko 24 orduetan danbor hotsak izango dira nagusi.

Danbor Nagusiaren erritmora eztanda egin du festak. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Danbor Nagusiaren erritmora eztanda egin du festak. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Danbor hotsek Donostiako eta Azpeitiako kaleak hartuko dituzte San Sebastian egunean. Gipuzkoako hiriburuan, 15.000 lagunetik gora batuko dira 127 danborradetan gauerditik aurrera. Gauerdian bandera igo eta Konstituzio plazan Gaztelubide konpartsako kideek beste konpainietako ordezkariekin batera ‘San Sebastian Martxa’-ren doinuak jo dituzte. Zoramena eta festa doinuak dira nagusi Gipuzkoako hiriburuan, nahiz eta euria ere egin duen. Euskal presoen aldeko elkartasun pankarta ugari ere ikusi dira.

Azpeitian, 22.15etan abiatu da helduen danborrada eta gauerdian bandera igo dute udaletxean San Sebastian Martxa’-ren erritmora.

Astelehenean, San Sebastian egunez, haurrak izango dira protagonista bi udalerrietan. Eguerditik aurrera, milaka neska-mutilen danbor hotsek hartuko dituzte Donostiako eta Azpeitiko txoko guztiak.  Donostian Urrezko Danborraren banaketa ekitaldia izango da eguerdian eta aurten, Joaquin Fuentes haurren psikiatrak jasoko du saria.