Amagoia Mujika | Gaur8

Eskalada Vs hegaztiak

Eskalatzaileek bezala hegazti askok pareta bertikalak maite dituzte, eta horiek aukeratzen dituzte habia egiteko eta ugaltzeko. Etxauri toki kutuna da eskalatzaileentzat eta baita arriskuan dauden hegazti espezie batzuentzat ere. Ez dirudi bien arteko elkarbizitza posible denik, eta, legea eskutan, eskaladak badauka zer galdu.

Etxauriko harkaiztegia Europa mailan eskalatzeko toki onenen zerrendan punta-puntan dago. Egunero ikus daiteke jendea bertan eskalatzen. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)
Etxauriko harkaiztegia Europa mailan eskalatzeko toki onenen zerrendan punta-puntan dago. Egunero ikus daiteke jendea bertan eskalatzen. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)

Etxauriko harkaiztegia hegazti askoren tenplua da, pribilegiozko tokia. Eskalatzaile askoren tenplua ere bada, eskalatzeko toki kutuna. Eta horrek parean jarri ditu hegaztiak eta eskalatzaileak, biek maite baitute harkaiztegi bertikal izugarri hori. Baina hegaztien eta eskalatzaileen arteko elkarbizitza ez da beti posible izaten, hegazti batzuk oso sentikorrak baitira eta gizakien presentziak dezente nahasten baitu beren bizi zikloa. Izan ere, eskalatzailea bete-betean sartzen da harkaitzetako hegaztien txokoetara, habi guneetara eta beren hazkuntza prozesua eteteko arriskua handia da. Eskaladak beste jarduera batzuk baino eragin zuzenagoa dauka espezie zehatz batzuengan. Hartara, hegaztien eta eskalatzaileen arteko gatazka ez da berria, betidanikoa da. Baina Etxauriren kasuan badira zenbait ezaugarri eztabaida ozenagoa bihurtu dutenak.

Etxauriko harkaiztegia eskalatzaileentzat paradisu txiki bat da. Dokumentutako lehen eskalada saioek mende bat baino gehiago daukate. Harkaitzaren ezaugarriek, bertako mikroklimak –oso ingurune epela da, neguan eskalatzeko egokia, eta horma gehienak hegoaldera begira daude–, urtetan osatzen joan diren ekipamendu bikainak eta pareta horietan zabaldutako ehunka bideek (950 baino gehiago) oso toki kutuna bihurtu dute, bai Euskal Herrian bai mundu mailan. Harkaitzeko eskaladan Europako toki onenen zerrendan punta-puntan dago.

Bestetik, aparteko ingurunea da harkaitzeko zenbait hegaztirentzat; sai arrea, sai zuria, belatz handia, belatz arrunta eta Bonelli arranoa kasu. Etxauriko harkaiztegiaren ezaugarriek bereziki bizitoki ona bihurtzen dute hegazti horientzat. Espezie horietako batzuk Nafarroako Mehatxatutako Espezieen zerrendan daude, eta, beste batzuk, galzorian, Bonelli arranoa zehazki.

Masifikatu egin da eskalada

1996. urtean Nafarroako Gobernuak Etxauriko Harkaiztegia Fauna Basatiaren Babes Eremu izendatu zuen eta denbora paretsuan Bonelli arranoa berreskuratzeko plana onartu zuen Nafarroarako. Etxauriko harkaiztegia aipatzen da plana martxan jarri beharreko tokien artean. 1997. urtean aipatu harkaiztegia Hegaztien Babes Eremu izendatu zuten Europar Batasunaren baitan.

Planak plan eta babesak babes, azken hogei urteotan izugarri ugaritu dira Etxauriko harkaiztegian zabaldu diren eskalatzeko bideak eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da bertara eskalatzera. Esaten da azken urteotan «masifikatu» egin dela bertan eskalada.

Duela hilabete batzuk piztu ziren alarma guztiak eskalatzaileen artean: Etxaurin eskalada debekatzeko aukera zabalik dago. Nafarroako Gobernua ‘Life Bonelli’ izeneko Europako programan sartuta dago joan den urteko uztailaz geroztik. Programa hori martxan izango da 2017ko irailera arte eta helburu dauka galzorian dagoen arrano espezie hori berreskuratzea. Eta adituak bat datoz Etxauri horretarako toki oso aproposa dela nabarmentzerakoan. Horretarako, baina, eskalatzaileak kendu behar dira paretatik. Europatik datorren diru laguntza ez da txantxetakoa; milioi eta erdi euro inguru Bonelli arranoaren biziraupenaren alde.

Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri duen proposamenak Etxaurin hiru gune sortzea aurreikusten du. Batean eskalada baimendua legoke urte osoan; bigarrenean, debekatuta urte osoan; eta hirugarren gune batean eskalada baldintzatuta legoke hegaztien bizi zikloaren eta egoeraren arabera.

«Nire uste berandu dator»

Zigor Arteaga biologoa eta eskaladako kirol teknikoa da. Eskalatzailea ere bada, Etxaurin bizi izan da eta 2009-2010ean Bizkaiko Eskaladaren Erregulazio Planean parte hartu zuen. Bere esanean, «erregulatzeko beharra dago, baina erregulazio hori berandu dator. Eskaladak ibilbide bat izan du Etxaurin, zabaltzen joan da horma berrietara, bide berriak ekipatu dira, jende berria doa eskalatzera eta hegaztiei espazio bat kendu diegu. Hegaztiei berriro beren espazioa bueltatu nahi badiegu, eskaladak atzera egin beharko luke. Baina hori egun batetik bestera proposatzen baduzu, eskalatzaileak ez du ulertzen. Ulertu beharko luke? Ba agian bai, baina errealitatea da une honetan ez duela ulertzen. Elkarbizitza posible da baina eskalatzaileok atzera egin beharko genuke asko. Horma konkretu batzuetan ezinezkoa da, beraien habiak dauden tokietan ezinezkoa da, debekatuta beharko luke. Garbi dago toki batzuetan bateraezina dela kontua; edo hegaztiak daude edo eskalada baimentzen da».


Zigor Arteaga eskalatzailea eta biologoa da. Bizkaiko Eskaladaren Erregulazio Planean parte hartu zuen. ( Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Arteagak Bizkaiko Erregulazio Planean parte hartu zuen eta bertan garbi egin zuen hegaztien alde antzeko gatazkak sortzen ziren tokietan. Etxauriren kasua desberdin ikusten du, «oihartzun handiagoa izaten ari da orain arte ez delako neurririk hartu bertan eta eskaladari neurririk gabe garatzen utzi zaiolako. Nire ustez administrazioak ez ditu bere garaian hartu beharreko neurriak hartu. Nik ez dut ezagutzen beste tokirik horrelako murrizketa planteatu zaionik eskaladari. Murrizketa oso gogorra da, justifikatua da hegaztiei berriro beren lekua eman nahi badiegu, baina administrazioak garbi izan behar du horrek ondorio batzuk izango dituela. Neurri horiek jende pila bati eragiten diete eta urte askoan eskalatu ahal izan diren hormak aurrerantzean ezingo dira eskalatu. Beste toki batzuetan badaude debekatutako hormak, baina neurri horiek garaiz etorri dira, eskalada hainbeste zabaldu aurretik edo gatazkak detektatu orduko».

Zigor Arteagari, eskalatzailea eta biologoa den aldetik, bihotza erdibituta sumatzen zaio. «Garbi daukat Nafarroako Gobernuaren proposamena ‘onartezina’ dela eskalatzaileen ikuspuntutik. Aldiz, hegaztien ikuspuntutik ez da nahikoa izango. Berez, benetan hegaztien babeserako izateko, neurriek zorrotzagoak izan beharko lukete».

Beraz, posible al da eskalatzaileen eta hegaztien arteko elkarbizitza? «Nire ustez Etxaurin ezinezkoa da. Aukeratu beharra dago, edo eskalada edo hegaztiak. Iruditzen zait informazioa eman behar zaiela eskalatzaileei, sentsibilizatu egin behar direla eta agian ohiturak aldatu beharko dituzte, eskalatzeko beste gune batzuetara jo... Beste ohitura batzuk ere aldatu ditugu eta arlo honetan berdina egin beharko dugu. Baina horretarako prozesu luzeagoa beharrezkoa izango da. Eta prozesu horren ardura administrazioak hartu beharko du». Arteagaren ustez lehentasunak finkatzea da kontua, «ez da erraza, baina Etxauriren kasuan nik, agian, lehentasun gehiago emango nioke eskaladari. Nafarroako eskalada gune garrantzitsuena da, historia luzea dauka... neurri batzuk hartuta, espezie batzuen biziraupena ziurta daiteke agian eskalada erabat debekatu gabe».

Bonelli arranoaren kasuan, berriz, gauzak garbi samar daude. «Galzorian dago eta espezie oso sentikorra da. Harkaitzetako beste espezie batzuk baino espazio zabalagoa behar du, lasaitasun handia, giza presentziarik gabe... Bonelli arranoa delikatuagoa da. Espezie horrek behar dituen distantziak jarriz gero, ahaztu eskalada Etxaurin. Eta kasu horretan lehentasuna zeri eman erabaki beharko da», jarraitu du Arteagak. Hala ere, gauza bat garbi dauka: «Legeak argi eta garbi esaten du zeri eman lehentasuna».

Etxaurin ez da legea betetzen

Gurelur elkarte ekologistak garbi ez, garbiago dauka kontua: legeak dio hegaztiak babestu behar direla eta Etxaurin ez da legea betetzen ari. «Gure borroka ez da atzo goizekoa, hogei urte inguru daramatzagu Etxaurin eskalada arautu behar dela esanez. Pentsa, duela 24 urte, orduan zeuden eskalada bide gutxi horien inguruan –gaur egun kontrola galdu da erabat–, eskalatzaileekin batera plaka batzuk jarri genituen eskalatzaileek izan beharko luketen jokaera zein den zehaztuz», hasi da kontatzen Toño Munilla. Gurelurreko kideak garbi dauka zein jokabide den hori: «Eskalatzaile batek ekologista baten jarrera berdina izan beharko luke: bere jardueraren gainetik, lehentasuna eman beharko lioke espezieen kontserbazioari. Eta ezin bada eskalatu, ezin da eskalatu».


Beheko argazkian Toño Munilla, Gurelur elkarte ekologistako kidea. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)

Munillak kontatu du Gurelurrek askotan hitz egin duela eskalatzaileekin Etxaurin eskalada erregulatzeko beharraz eta denak ados egon direla horretan. Baina, nola erregulatu? Ingurumen administrazioari dagokio hori, legeak garbi esaten baitu espezientzat toki delikatuak direnetan ematen diren giza jarduerak erregulatzea administrazioaren egitekoa dela. «Toki delikatuak dira jateko tokiak, atseden hartzekoak, habiak jartzen dituztenak eta migrazioko tokiak. Baina administrazioak ez du ezer egin inoiz. Pentsa, guk behin baino gehiagotan eskatu diogu Etxauriko txostena; dauden bideak, emandako baimenak, egoera nola dagoen... eta administrazioak ez dauka ezer sekula ez duelako ezer egin. Ez du baimen bakarra eman, baina ez du ezer egin bertako jarduera kontrolatzeko. Erabateko utzikeriaz jokatu du», salatu du Gurelurreko kideak. Bitartean, eskalatzaileak bideak ireki eta ireki aritu dira. «Ez dagoenez batere zaintzarik eta kontrolik, eskalatzaileek nahi dutena egin dute eta halaxe izan dela onartzen dute gainera. Guri esan digute badirela bide propioak, berentzat bakarrik, ireki dituzten eskalatzaileak».

Eskalatzaile asko ibiltzen da Etxaurin, eta, normala denez, askotarikoak. «Lehen eskalatzaile gutxiago ziren eta bazegoen sentsibilitatea ingurunearekiko. Gaur egun ez dago hainbeste. Egia da, eskalatzaile zenbait behin eta berriz gerturatu direla guregana Etxaurin eskalada erregulatu egin behar dela esanez. Baina Gurelurrek erregulazio hori zehaztu bitartean bertan eskalada debekatzeko eskatu zuenean hautsi ziren harremanak. Hori oso gaizki iruditu zaie eskalatzaileei, nahiz eta hasiera batean negoziatzeko prest agertu», segitu du.

Toño Munillak garbi dauka Etxaurin ezin direla elkarrekin bizi eskalatzaileak eta hegaztiak. «Batzuek ezjakintasunez eta beste batzuek modu interesatuan esaten dute otsailetik uztailera eskalatzeari utziz nahikoa dela. Hori ez da horrela. Ezin da eskalatu urte guztian. Urtarrilean gerturatzen bada arrano bat, ugaltze sasoitik kanpo, eta ikusten badu han sekulako iskanbila dagoela, gerora ez da bueltatuko eta habia ez du bertan egingo. Legeak argi eta garbi esaten du debekatuta dagoela hegazti horiek eragozten dituen edozein giza jarduera».

Gurelurren ustez, galdera bestelakoa da: posible al da Nafarroan eskalatzea bertako fauna basatia kaltetu gabe? «Zalantzarik gabe, bai. Nafarroan harkaiztegi asko daude eskalatzeko modukoak direnak eta galzorian dagoen faunarik ez dutenak. Haietan eskala daiteke, betiere modu erregulatuan. Baina, Etxauriko harkaiztegiaren zati handi batean ezin da, galzorian dauden hegaztiak habiak jarzen dituztelako bertan».

Toño Munillak garbi dauka: «Etxaurin gauzak oso gaizki egin dira eta denon artean egoera konpondu beharra dago». Erregulazioaren bidean Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri duen hiru guneen proposamena ez da Gurelurren gustukoa. «Erabat eskasa iruditzen zaigu. Ez da nahikoa inondik inora. Eskalatzaile asko kexatuko dira batere kontrolik ez izatetik erabateko kontrol zorrotza izatera pasatuko direla eta. Beste lege batzuekin parekatzen dut nik, tabakoarena kasu. Legea bete behar da eta kito. Eta legea eskuan, Etxaurin hegaztiak dauden guneetan eskalatzeak debekatuta egon beharko luke», segitu du. Garrantzitsua iruditu zaio, hala ere, zehaztapen bat egitea: «Gu ez gaude eskaladaren aurka. Badaude Nafarroan beste toki batzuk eskalatzeko modukoak fauna kaltetu gabe. Etxauri ornitologia santutegi bat da eta dagoeneko espezie askotako bikoteak galdu dira eskaladagatik. Ornitologia santutegi hori horretarako utzi beharko litzateke, hegaztientzat».

Alde bateko edo besteko, denek espero dute eztabaida honek balio dezala etorkizunean akats berdinak ez errepikatzeko.