Naiz.info
Donostia

Milaka herritarren babesa bilatuko du Konpromiso Egunak martxoaren 15ean Donostian

Madrilgo Auzitegi Nazionalean gauzatzen ari diren makroepaiketa politikoetan auziperatuta dauden lagunei babesa eman asmoz, Konpromiso Eguna egingo da martxoaren 15ean Donostian. Egitaraua «orri txuri bat» dela adierazi dute deitzaileek, eta jendartearen ekarpenen zain daude egunari mamia eransteko.

Martxoaren 15ean egingo den Konpromiso Eguna aurkeztu dute Donostian. (LIBRE)
Martxoaren 15ean egingo den Konpromiso Eguna aurkeztu dute Donostian. (LIBRE)

Martxoaren 15ean herritarren konpromisoa bilatuko du Libre dinamikak Donostian egingo duen Konpromiso Egunarekin. Madrilgo Auzitegi Nazionalean bi makrosumariotan epaitzen ari diren bederatzi donostiarrei babesa eskaintzea izango du helburu eta, horretarako, ehunka herritarrek antolatutako ekimenekn osatuko dute egun osoko egitaraua. Parte hartzea eta auzolana izango dituzte oinarri, Donostian egindako agerraldian jakitera eman dutenez.

Gaur gaurkoz, baina, egitarau hori «orri txuri bat» baino ez dela ohartarazi dute. «Guk ez dugu inolako ekimenik lotuko; jendeak eginiko proposamenak koordinatzera mugatuko gara», esan dute.

Horretarako, gaurtik martxoaren 15era bitarte, bi fase ezberdin zabalduko dira. Lehena, otsailaren 28ra arte, eta proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Bigarrena, martxoaren 1etik 14ra izango da, egitaraua ordenatu etalanak banatzeko.

Herritarren parte hartzea sustatzeko hainbat bitarteko abiarazi dituztela iragarri dute. Batetik, www.libredonostia.org webgunean Konpromiso Egunaren atala sortu dute, ekarpenak egiteko eta hamarnaka tabernatan Konpromiso Buzoiak jarri dituzte helburu berberekin. libredonostia@gmail.com helbidean ere proposamenak jasotzen dituztela adierazi dute.

Eguneko egitaraua aurrera eramateko, Donostiako Bulebarra izango dute erdigune eta Alde Zaharrean eta erdialdean zabalduko dira herritarren proposamenak. Egunak izango du ordea ekimen nagusi bat. 12.00etan izango da, Bulebarrean bertan, eta milaka lagun elkartzeko asmoa agertu dute.