NAIZ.INFO
GASTEIZ

Egungo politikek pobrezia eta prekarietate gehiago dakartela salatu du Gune plataformak

Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, egungo politikek «pobrezia eta prekarietatera garamatzatela» salatzeko.

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute elkarretatzea Guneko kideek. (LAB)
Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute elkarretatzea Guneko kideek. (LAB)

Duintasunaren alde eta pobrezia eta prekarietatearen aurka abiatu duten kanpainaren baitan, elkarretaratzea egin dute Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, ‘Pobreziara eta prekarietatera garamatzate. Euskal Herriak bere bidea’ lelopean.

Plataformak neurri zehatzak exijitu ditu, eskubide gisa, prekarietatea eta bazterketa jasaten dutenen duintasuna bermatzeko, hala nola Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LAGS) «igoera handia», langabezia prestazio duina, diru-sarrerak bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errenta egungo LAGSen gainetik kokatzea, diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat ezartzea egungoaren ordez, gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko «eskubide subjektiboa» ezartzea, «beharrizanak asetu behar dituztenak», eta murrizte politikaren ondorioz prestazio sozialik gabe utzi dituzten kolektibo guztiei prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzea, besteak beste.

Otsaileko ostegun guztietan mobilizazioak egingo dituzte Guneko kideek. Martxoaren 3an, berriz, protesta ekimena burutuko dute Bilbon, PPk antolatu duen goi bilera ekonomikoaren harira. Hilabete horretako 10etik 20ra mobilizazioak eskualdeetan egingo dituzte eta, azkenik, 22an, bat egingo dute Madrilen egingo den Duintasunaren Martxarekin.