NAIZ.INFO
Gasteiz

«Euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho» bihurtu nahi du Gasteiz EHEk apirilaren 5ean

‘Euskaraz Bizi Eguna’-ren bosgarren edizioa antolatu du Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 5erako Gasteizen. «Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!» lelopean ospatuko dute eta mezua euskaldunei luzatu nahi diete, «euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok», esan dute.

EHEko kideak Gasteizen, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
EHEko kideak Gasteizen, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Apirilak 5, Gasteiz. Hori da aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren zita. «Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!», egunari zentzua eman nahi dion leloa. Gasteiz «euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho» izango dela adierazi du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak eta egunaren inguruko xehetasunak aurrerago emango dituela iragarri du.

Gaur eragile euskaltzaleak dituen helburuak azaldu dituzte agerraldian. Leloaren inguruan azaldu dute euskaldunak askotan euskara bazter uzten duela erdaldunarekin topo egitean eta egoera hori aldatu nahi dutela, «herri euskaldunari zuzentzen gatzaizkio euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok».

Aldarrikapen hau bizikidetza ardatz duen testuinguru berezian kokatzen dutela esan dute EHEko kideek eta lehen ariketa «bertatik bertara» egin behar dela uste dute «espaloitik ez jaistearen hautua» eginez, «bestela, bizikidetza posible bakarra erdaretan emango dena» dela uste dute.
Euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak ere aldarrikatu dituzte eta hauek «euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa» kokatu behar dutela.