EAJren Batzar Nazionala larunbatean bilduko da eta, ustekaberik ezean, Izaskun Bilbao Barandika hautatuko du maiatzaren 25ean egingo diren Europako hauteskundeetarako zerrendaburu. Eserlekua lortuz gero, bigarren legealdia luke bermeotarrak Europako Legebiltzarrean.
Europa Pressek zabaldu duenez, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak zerrenda egin du 16 hautagairekin. Barne prozesuaren ostean, larunbateko batzarrean bozkatuko dute zerrenda. Ondoren, Bilbao bera eta Andoni Ortuzar alderdiko lehendakaria komunikabideen aurrean agertuko dira.
EAJk CiU, Coalicion Canaria (CC) eta Compromiso por Galicia (CXG) alderdiekin aurkeztuko da Europako hauteskundeetara.