NAIZ.INFO
BILBO

Mobilizazioak iragarriz bukatu dute Sestaoko itxialdia La Navaleko langileek

Lan karga aldarrikatzeko, Sestaoko Udaletxean hamabi orduko itxialdia egin dute La Navaleko langileek, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

La Navalentzako lan karga aldarrikatzeko manifestazio bat, Sestaon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
La Navalentzako lan karga aldarrikatzeko manifestazio bat, Sestaon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

La Naval ontziolako sindikatuetako ordezkari gisa, hamalau lagunek atzo arratsaldean Sestaoko Udaletxean hasitako itxialdiari bukaera eman diote gaur goizean.

Protesta egiten ari ziren bitartean, langileen ordezkariek erabaki dute datorren astean, seguruenik ostegunean, Barakaldon manifestazio bat egitea, eta bertako Udalean itxialdia burutzea.

Era berean, datorren asteartean asanblada egingo dute langile guztiekin, egoeraren berri eman eta antolatzen ari diren ekimenetarako babesa eskatzeko.

Sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez, 283 langiletik 170 ingururi eragiten die Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE), eta datorren astetik aurrera are gehiago izango direla ohartarazi dute. Izan ere, ontzi bakarrean lanean ari da ontziola, eta lanek aurrera egin ahala, 20 edo 30 langile baino ez dira geratuko.