
Martxoaren 23an eta 30ean Ipar Euskal Herrian burutuko diren udal hauteskundeetan aurkeztu diren zerrendak gai ezberdinen inguruan galdekatuak izan dira. Herritarrek bozkatzeko unean hautagaien iritziak ezagutzea xede izateaz gain, politikariek engaiamendu publikoak hartzea ere bilatu da horrela. Bascos, Surfrider Fundazioa, LAB, Batera plataforma, Bizi mugimendua eta CADE kolektiboa izan dira oihartzun handiena izan duten galdeketak egin dituztenak.
Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea den Bascosek homosexualen aurkako diskriminazioari buruzko eta genero identitatearen inguruko iritziak eskatu dizkie hautagaiei. Orotara 24 zerrendek egin dute bat elkartearen izpirituarekin. Defenditzen dituen ideien kontrako hautagaiak ere agerian ezarri ditu Bascosek, «eskubide berdintasunaren aurka» engaiatu diren hautagaiak «salatuz»: Ziburuko auzapez Guy Poulou, Kanboko Vincent Bru edo Urruñako Odile de Coral, besteak beste.
LAB sindikatuak, berriz, lan epaitegien inguruko jarrera argitzeko eskatu die hautagaiei. Guztira 71 erantzun eskuratu dituzte. Erantzun duten hautagaien %92 Zuberoako langileak Baionako lan auzitegira lotzearen alde agertu dira, eta horren alde engaiatu dira hauteskundeak irabaziz gero. Bestalde, %90 Donapaleuko auzitegi ohia Baionakoari atxikitzearen alde agertu dira.
Surfrider Fundazioak ehun bat hautagai ingururi gutun bat bidali die Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko ur kutsatuen arazoa azaltzeko. Ipar Euskal Herritik bederatzi hautagaik soilik erantzun diete. Erakunde ekologistak dio «batzuek kutsaduraren ardura» ez dutela onartu, besteek erantzun arrazoitu bat eman duten artean.
Galdeketak egin dituzten eragileen artean erantzun gehien bildu dituena Batera plataforma izan da, Lurralde Elkargoari eta euskarari buruz galdetuta 111 erantzun jaso ditu-eta, gehienak bi aldarrikapenon aldekoak. CADEk AHTri buruzko 53 erantzun jaso ditu Lapurdin; 46 trenbide berriaren kontra azaldu dira, bakarra alde eta besteek ez dute jarrera argirik hartu. Bizik proposatutako Trantsizio Energetikoaren Ituna, azkenik, 43 herritako 81 zerrenda ezberdinek izenpetu dute. Herriok Ipar Euskal Herriko biztanleen %91 hartzen dituzte barnean.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
