@aimar_etxe
Lekeitio

Begiak itxita etortzen diren oroitzapenak errealitatean gozatuz

Arrangoitzeko agerraldia amaitu bezain pronto jarri zen Lekeitiora bidean Isaac Kortabitarte, 34 urteren ostean hankak sorterrian pausatzeko asmoarekin. Larunbata familiarekin igaro ostean, atzo itzuli zen Lekeitiora, deserrian oroitzapen soilak zirenak errealitatean gozatuz.

Isaac Kortabitarte Lekeition. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Isaac Kortabitarte Lekeition. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) kideak jasi dira jada pasa den larunbatean Arrangoitzen iragarritakoa gauzatzen. «Muga» igaro eta euren sorterrietara itzultzen hasiko direla iragarri zuten aipatu agerraldian eta batzuek bete dute jada emandako hitza, erbestea atzean utziz eta sorterrira itzuliz.

Isaac Kortabitarte da hankak jada bere sorterrian jarri dituen iheslari horietako bat. Arrangoitzeko ekitaldia amaitu bezain laster, autoan sartu eta Lekeitiorako bidea hartu zuen -beheko irudian ikus daitekeen moduan-. Zentzu horretan, sorterrira iritsi den uneko testigu izan da GARA. Kortabitartek Lekeitiokoa bezala, hainbat izan ziren Santurtziko, Bergarako edo Pasaiako bidea hartu zuten kideak.

Lekeitiorako bidea larunbatean hartu bazuen ere, ez zituen atzo arte hankak sorterrian jarri lekeitiarrak, larunbat guztia familiarekin egoteko hartu baitzuen, senitartekoek Ispasterren duten baserri batean. Hala, atzo goizean zapaldu zuen Kortabitartek berriz ere Lekeitio, bertatik aldeegin zuenetik ia 34 urte igaro eta gero.

Soilik gorputza deserrian

Ekainean 34 urte beteko dira lekeitiarrak herria utzi eta erbestera jo zuenetik. Franco hil osteko garaiak zirela oroitzen du, «gaizki deitutako trantsizio garaiak», eta Euskal Herriaren eskubideen alde borrokatzeko hautua egin zuela dio. Zentzu horretan, eta errepresioaren eraginez, atxilotu eta ondoren torturatua izateko beldurrak eragin zuen Kortabitarterengan sorterria utzi behar izana.

«Erabaki oso zaila da norbere herria, familia eta lagunak utzi eta noiz eta nola bueltatuko zaren jakin gabe ihes egitea», azaldu du. Gainera, atxilotua izatearen beldurra ihes egiten den momentutik bertatik gainean eraman beharreko pisua dela dio. «Erbestean izan naizen denboran gauza asko ikusi eta ezagutu ditut. GALen historia bertatik bertara ezagutu dut, gure lagun asko hil baitzituzten: Joxean Lasa, Joxi Zabala, Ramon Oñederra Kattu...», oroitzen du.

Ipar Euskal Herriaz gain, Mexiko ezagutzeko aukera ere izan du Kortabitartek erbestean izan den urte hauetan guztietan. GALen jarduna bertan behera geratu ostean, iheslariak Estatu frantsesetik espainiarrera estraditatzen hasi zirela nabarmendu du, eta, ondorioz, hainbat iheslarik Ameriketako bidea hartza erabaki zutela gogoratu du. «Guri Mexikora joatea tokatu zitzaigun», adierazi du. Bertan 11 urte egin zituen, duela hamalau urte berriz ere Ipar Euskal Herrira itzul zen arte.

Erbestean izanik ere, herria beti maite izan duela dio lekeitiarrak. «Orain arte beti esaten nuen begiak itxita dena ikusten nuela. Gaur da eguna nire buruan ikusten nuena errealitate bihurtzen dena», azpimarratu du Lekeitio zapaldu berritan. «Toki batzuek berdin-berdin jarraitzen dute, beste hainbat gauza aldatu egin dira, baina hondartza hau... Hemen jolasten genuen futbolean», gogoratzen du, oroitzapenak bata bestearen atzetik pilatzen zaizkiola. «Beti dituzu gogoan familia, lagunak, herria... Hori ez da inoiz ahazten», adierazi du.

Sorterrira itzultzeko momentua «askotan» izan duela gogoan aitortu du, eta, azkenean, iritsi zaio momentua. Hala ere, etxerako bidea hartzearen hautua ez da egun batetik bestera erabakitako zerbait Kortabitarteren esanetan, «denbora daramagu hau prestatzen». Itzulera modu kolektiboan egin ahal izatea izan da EIPK-ko kideen helburua, eta, zentzu horretan, pausu txiki bat ematen ari direla nabarmendu du.

Gerturatu ahala urduriago

Kortabitarteri eta beste zenbait kideri iritsi zaie hankak sorterrian pausatzeko momentua. «Muga pasatu eta alde denetara begira jartzen zara. Beste mundu bat dela iruditzen zaizu, baina, batez ere, herrira gerturatzen zaren heinean hasten zara sorterria ezagutzen», aitortu du. Zentzu horretan, Lekeitiotik zenbat eta gertuago egon orduan eta sentimendu indartsuagoak izan dituela dio, «eta behin herrira iritsi, familia ikusi, lagunekin egon... Momentu horiek bizi egin behar dira, ezin da hitzez azaldu une horietan sentitutakoa».

Ikaragarria izan zen berarentzat familiarekin, bere sorterrian, elkartu zen unea. Ildo horretan, esker oneko hitzak besterik ez ditu Kortabitartek familiarentzat. «Familia da azken finean urte hauetan guztietan hor egon dena. Familiarekin kontatzen duzu une zail horietan eta hori da garrantzitsuena», adierazi du. GARAk iheslari ohia agurtu zuenean lekeitiarrek egin behar zioten harrerara bidean utzi zuen Kortabitarte, Lekeition lehen aldiz hankak jarri zituen unean baino are urduriago zela.

Baina etorkizunari begira jarri beharra dago, eta gauzak argi ditu lekeitiarrak. Bere bizimodua Ipar Euskal Herrian egiten jarraituko duela argi du, adin kontuak medio lanik gabe geratzeko garaiak ez direla iruditzen baitzaio. Egun batzuk igaroko ditu Lekeition urte luze hauetan ikusi ez duen jendearekin egoteko aprobetxatuz, baina Iparraldera bueltatuko da laster, lanera. Hori bai, aurrerantzean «muga» zeharkatzeko arazorik ez du izango bere aldetik, bederen, Kortabitartek.
Bitxikeria bezala, aipatu Lekeitiora iritsi eta Isaac Kortabitartek egin zuen lehendabiziko gauza hilerrira joatea izan zela, gurasoen eta orain gutxi hil zaion arrebaren hilobiak bisitatzera.