Amaia U. LASAGABASTER

Konfiantzan oinarritutako arrakasta

Reala egiten ari den bigarren itzuli ikusgarriak oinarri argia dauka, «gauza gehiago eta errazago egiten laguntzen duen konfiantza», Sandra Ramajoren ustetan. Baita merezitako saria ere.

Denboraldiak lehen erdia bete zuenean, panorama iluna zeukan Realak. Mailaz jaisteko arriskua guztiz urrundu barik, sei partida zeramatzan garaipena ospatu ezinda, eta egutegiko zatirik zailenari aurre egin behar zion.

Hiru hilabete geroago, zuriak hartu du beltzaren tokia. Igandean Madrilen galdu arren, txuri-urdinak sekulako bigarren itzulia egiten ari dira -hirugarren postuan egongo lirateke itzuli honen puntuak soilik kontuan hartuz- eta azken bi urtetan eskuratu ezin izan duten saria lortzear daude. Hurrengo jardunaldian, izan ere, Koparako sailkapena matematikoki ziurtatuko dute Oviedo Moderno gaindituz gero.

Donostiarrak, ordea, ez dira horrekin konformatzen, egoerari buelta nola eman dioten erakutsiz. «Helburu nagusia hori da eta lortuko dugulakoan nago -onartu du Sandra Ramajok-, baina gorago begiratzeko aukera daukagu oraindik. Eta geratzen diren partida guztiak irabazten eta, zergatik ez, seigarren postuan amaitzen ahaleginduko gara». Ez da anbizioa asetze kontu hutsa, «dinamika ona mantentzeak Kopara egoera ezin hobean heltzera lagunduko liguke». Are gehiago, Realak azken jardunaldian egun seigarren postuan dagoen Levante bisitatuko duela kontuan hartuta. «Alde batetik, oraindik postua lehian egon daiteke -azaldu du hegalari irundarrak- eta, bestetik, oso aurkari egokia iruditzen zait Koparen aurreko azken partida jokatzeko, zeren exijentzia handiko partida izango da, intentsitate handikoa... Sailkapenerako balio ez badu ere, prestakuntza arloan ona izan daiteke. Batez ere irabazten badugu, Kopara konfiantza ondo sendotuta joateko».

Horixe da txuri-urdinen diskurtsoan azkenaldi honetan gehien agertzen den hitza, konfiantza. Baita azken hiru hilabete hauetan aldaketa handiena bizi izan duen arloa ere. Ramajok argi dauka «buruak sekulako zerikusia» daukala «kirolarien jardueran» eta Realak berak aurtengo denboraldian bizi izan duen esperientzian aurkitzen du «eredu garbiena». «Dinamika txarrean sartzen zarenean buelta asko ematen dizkiozu buruari. Batez ere lan-saioetan eta partidetan gauzak ondo egiten dituzula ikusten duzun arren, emaitzak heltzen ez direnean. Ez duzu irtenbiderik ikusten, urduri jartzen zara, edozein oztopok animoa mintzen du... Bultzada bat behar duzu egoerari buelta emateko».

Saiatu ziren bilaketa horretan arduradun txuri-urdinak, aldagelan lan eginez, coaching saioak ere antolatuz jokalariekin..., baina inflexio-puntua zelaian eta une ezustekoenean heldu zen: Bartzelona txapeldunaren aurkako norgehiagokan. «Partida horrek dena aldatu zuen -azaldu du irundarrak-. Gure lanak fruituak eman zituen azkenik, oso aurkari zail baten aurrean. Eta hurrengo asteko Atleticoren aurkako garaipenak behar genuen bultzada biribildu zuen». Goitik behera aldatu da Reala egun horretatik aurrera. Ondo jokatu, gol asko sartu, gutxi jaso, oztopoak gainditu... Eta dena «konfiantzak emanda. Gauza gehiago eta errazago egiten ditugu, probatzera ausartzen gara, zer edo zer ez bazaigu ondo irteten ez gara behera etortzen... -nabarmendu du Ramajok-. Eta zenbakiek ere zerikusia dute. Ez diogu beldurrik baloiari eta jabetza duen taldeak aukera gehiago sortu eta gutxiago jasotzen ditu. Dinamikak berak gauzak hobeto egitera bultzatu gaitu eta gauzak hobeto egiteak dinamika luzatzen du. Amaierara arte horrela jarraitzea espero dugu».