Naiz.info
Donostia

Xabi Paya: «Kapitainik gabe geratzeak ez du esan nahi itsasontzia hondoratuko denik»

Donostia 2016ko lan taldeak proiektuarekiko konpromisoa erakutsi eta azken asteetako zurrunbiloaren ondoren, bateratasuna agertu du. Xabi Paya arduradunak adierazi du «kapitain gabe geratzeak ez duela esan nahi itsasontzia hondoratu egingo denik».

2016ko lan taldea osorik agertu da prentsaurrean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
2016ko lan taldea osorik agertu da prentsaurrean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostia 2016ko lan talde osoa prentsaurrekoan agertu da gaur, Itziar Nogerasen dimisioa eta gero bateratasuna agertuz. Xabi Paya behin behineko arduraduna buru, giza taldea osatzen duten lagunek beren konpromisoa agertu dute egitasmoarekiko.

Zailak izan dira Donostia 2016k bizitako azken egunak eta horri erreferentzia egin dio Payak. «Ekaitz eta olatu handikoak izan dira azken asteak. Kapitainik gabe geratu gara, baino horrek ez du esan nahi itsasontzia hondoratu egingo denik», nabarmendu du.

Lan taldeak proiektuarengan sinesten duela ohartarazi du, eta bide horretan aurrera jarraituko dutela azpimarratu.

Egitasmoaren Komite Exekutiboari datozen hiru hilabeetarako lan plana aurkeztuko die eta, hori onartuz gero, berau izango da lan ildo nagusia denbora horretan. Nolanahi ere, zuzendari berri baten beharraz ohartarazi du Payak eta ahalik eta azkarren hautatzeko deia egin du. Sei hilabeteko epean behar luke, gehien jota. Komunikazio arduradun baten beharraz ere mintzatu da, «barruan egiten dugun lana kanpoan erakustea garrantzitsua» dela iritzita.

Santi Erasok, bere aldetik, bideokonferentziaz parte hartu du agerraldian, Sevillatik, eta proiektuarekiko konpromisoa berretsi du.