NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Zurriolako hondartza ez dute erabat itxiko harea gehitzen zaion bitartean

Maiatzaren 12an hasiko dira Donostiako Zurriolako hondartzara 300.000 metro kubiko harea gehitzeko lanak, baina operazioa zatika egingo da eta hondartza ez da erabat itxiko. Hamar bat egunetan lanak bukatuta egotea espero dute.

Olatuak Zurriolako hondartzan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Olatuak Zurriolako hondartzan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Otsaila eta martxoko denboraleek Euskal Herriko kostaldean eragin zituzten kalteak konpontzeko egingo dituzten lanen berri emateko agerraldia egin dute Donostian Jose Luis Herrador Gobernu espainolak Gipuzkoan duen ordezkariordeak, Teresa Ruiz eta Andres Molina Kostako zerbitzuen arduradunek eta Alexander Garcia lanen arduradunak.

Azaldu dutenez, hondartzetara hare gehiago botatzeko lanak herenegun hasi ziren Hondarribian. 36.000 metro kubiko botako dituzte han eta 150.000 euroko kostua izango du.

Horren ondoren Donostiako Zurriolaren txanda izango da. Maiatzaren 12an hasiko dira 300.000 metro kubiko hondar gehitzeko lanak, 1,4 milioi euroko balioarekin. Lan hauek kezka eragin dute surflarien eta bertako ostalari eta merkatarien artean, izan ere hondartza erabat itxiko zutela esan baitzuten. Lanen arduradunek azaldu dutenez, ordea, Zurriola ez da erabat itxiko, lanak faseka egingo dira eta fase bakoitzean 200 metro inguruko hondartza zatia hartuko dute.

Sektore bat itxita egon arren, beraz, gainerako hondartza guztia irekita egongo da. Lan guztiak hamar bat egunetan bukatzea espero dute.

Kontxaren kasuan, Gobernu espainolak ez du uste hondar gehiago behar duenik, Ondarretak bai, ordea. Nolanahi ere, Donostiako Udalak dio –Azti-Tecnaliak aholkatuta– ez dela beharrezkoa, hondartza naturalak bere kabuz etortzen direlako bere onera.

Zurriolako lanak bukatu ondoren, Zarautz, Getaria, Deba, Mutriku eta Bakioko hondartzen txanda izango da.

Gobernu espainolaren ordezkariek nabarmendu dutenez, Madrilek 18,7 milioi euro inbertituko ditu Gipuzkoan eta Bizkaian itsas denboraleek sortutako kalteak konpontzeko.