NAIZ.INFO
BILBO

Banketxe-bulegoen aurkako erasoak izan dira Bizkaian eta Gipuzkoan

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezezagunek Durango, Erandio eta Leioako hamalau banketxe-bulegoren aurkako erasoak burutu dituzte goizaldean. Oñatin (Gipuzkoa) ere bi bulegoren aurka margoa jaurti dute. Bilbon ere erasoak jazo dira.

Polizia autonomikoaren arabera, lehen erasoa Durangon jazo da, gauerdia iritsi baino minutu batzuk lehenago. Kutxabank, BBVA, Bankinter, Caixa eta Laboral Kutxaren bulegoen aurka jo dute ezezagunek, kutxazainak errez eta kristalak hautsiz.

Goizaldeko 2.00etan, Erandion, BBVA, Santander eta Kutxabanken kristalak eta kutxazainak hautsi dituzte, mazo bat erabilita. 

Ordu erdi beranduago, Leioan, beste bi banketxe-bulegori eraso egin diote, eta Maiatzaren Lehenari lotutako margoketak egin dituzte.

Beste alde batetik, Oñatiko lau entitateren kutxazainen aurka margoa jaurti dutela jakinarazi du Ertzaintzak.

 Eguerdian, Maiatzaren Leheneko manifestazioak bukatuta, aurpegia estalita zeraman pertsona talde batek Bilboko zenbait banketxe eta komertziotan kalteak eragin dituzte.