NAIZ.INFO
DONOSTIA

Banketxeen aurkako sabotajeak egin dituzte goizaldean

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu duenez, hamar bat banketxeren bulegoen aurkako sabotajeak izan dira gaur goizaldean Galdakao, Legutio, Donostia eta Arrasaten. 18 urteko gazte bat atxilotu dute Egian eta epailearen aurrean deklaratu ostean aske geratu da, karguekin.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 00.30 aldera ezezagun batzuek pintura jaurti dute Egian dauden lau banketxeren aurka. Ertzaintzaren patruila bat agertu da eta, Segurtasun Sailaren arabera, pintura pote bat bota die ertzainei, baina ez ditu harrapatu. 18 urteko gazte bat atxilotu dute, «agintarien aurkako atentatua» leporatuta. Epailearen aurrera eraman dute eta ondoren aske geratu da, karguekin.

Arrasaten ere hiru banketxeren bulegoen aurka pinturaz betetako bonbilak bota dituzte.

Galdakaon, berriz, Juan Bautista Uriarte kalean bi kutxazain automatiko erre dituzte goizaldeko hiruretan eta Legution bulego bati harriak bota dizkiote El Carmen kalean, goizaldeko ordu batean.