Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
Abel BARRIOLA
ASPEKO atzelaria

«Egunerokoan daukadan onena eman ez izanak lotsatuko ninduke»

Final handi batera itzuliko da Abel Barriola, jokatu zuen azkenekotik lau urtera eta jokatzen utzi ez ziotenetik hirura. Gainera, bere ibilbide oparoan falta zaion txapel bakarra eskuratzeko aukera dauka igande honetan eta egun handi horren atariko minutu guztiak disfrutatzen saiatzen ari da, baita egun hauetan biderkatu zaizkion komunikabideekiko konpromisoak ere. Gozaraztea ere lortu du.

Pilota da Abel Barriolaren bizitzaren ardatzetako bat eta Amazabal pilotalekuan egin dugu hitzordua, herriko gazte batzuk lagunarteko serio xamarra jokatzen ari ziren bitartean.

Lau urteren ostean, berriro final batean; zer suposatzen du?

Finalerdia irabazi eta finalean sartzeak sekulako ilusioa egin zidan. Beti izan dut Binakako finala jokatzeko ilusio hori, eta hor egotea, protagonista bezala, poz handia da, eta gertatzen dena gertatuta ere, niretzat dagoeneko sari bat da, eta disfrutatu egin nahi dut.

Arantza asko ziren batera, ezta? Liberazio moduko bat izan da?

Liberazioa ote den ez dakit, baina ilusio berezi bat egiten dit, hori bai. Buruz buru jokatu ditut finalak, lau eta erdian ere bai, baina binakakorik ez. Orain dela hiru urte ere denok dakigu zer pasatu zen, txapelketa luze baten ondoren finala jokatu ezin izatea injustizia bat izan zen. Hori dena pasa eta final bat jokatu ezin izanak pena ematen zidan, eta iritsi den momentuan iritsi da.

Beti esaten duguna da, atzerapenak denoi ematen zaizkigula edo inori ez zaio ematen. Niri kasu hartan astebeteko atzerapena ez zidaten eman. Horrenbeste lan eginda, nik esaten dudana da, gauzak irabazi edo galdu, kantxan egin daitezela. Ezin duzu atzera begira bizi, aurrera egin behar duzu, baina halakoak ez dira ahazten.

Binakako finalik jokatuko ez zenuela pentsatzera iritsi zinen?

Hori ere ez, baina bai pentsatzen nuela urteak pasa ahala aukerak gutxiago izango zirela eta gero eta zailagoa zela finalean egotea. Gero eta txapelketa gutxiago geratzen zaizkit, normala den bezala, baina hiru urtetara izan bada ere, hemen da.

Binakako finalik jokatu ez izanaren arrazoiak bilatu dituzu?

Ez diot horri buelta gehiegirik eman. Hori da sarri egiten didaten beste galdera hori bezalakoa, final askotara iritsi naizela eta lehenengo biak irabazi nituela eta besteak galdu.

Alde batetik, aurkarien meritua da, noski; eta bestetik, ziurrenik niri ere zer edo zer falta zait, baina zer egingo diot. Bakoitza den bezalakoa da, bere dohainak eta akatsak ditu. Ni saiatu naiz gauzak ahalik eta hobekien egiten. Binakako txapelketan, urte dezente izan ditut finalaren inguruan egon naizela, baina batean lesio bategatik edo beste hiru txapelketetan tanto bakar batzuengatik, ez naiz iritsi. Halakoak gertatzen dira, nire ibilbideak hala beharko zuen, eta zer egingo diogu ba.

Gogoan dut, egunkari honetan bertan Julian Retegik esan zuela, lehen txapela irabazi zenuenean, urte askotarako txapelduna genuela...

Nik ere nahiago nuke txapela gehiago banitu, baina ditudanak ditut eta konformatzen naiz daukadanarekin, ez dut inolako lotsarik. Azkenean, lotsa da daukazun hoberena edo daukazun guztia ez ematea eguneroko lanean. Nik dudan onena eman dut, eta hortik aurrera, gehiago lortu ez badut, dudarik gabe, zerbait falta delako izan da, baina ez dakit zer.

Garrantzi gehiegi ematen diegu txapelei?

Gizartea ere halaxe dago. Ez dakit adinaren kontua den, baina egia da, urteak pasa ahala, ez diodala horrenbeste garrantzi ematen txapelari eta irabazteari. Noski, lehiakorra naiz, irabaztea gustatzen zait eta irabazteko entrenatzen naiz. Baina pilotariaren ibilbidean gauza asko daude oso politak direnak, gauza asko daude aberasgarri izan daitezkeenak, eta niretzat, gauza guztien gainetik, garrantzitsuena goi mailan egotea da. Txapelik lortzen ez baduzu ere, inguru horretan ibiltzea eta onenekin lehiatzea. Eta nik uste dut, nire ibilbidean zehar, gehiago edo gutxiago, lortu dudala.

Bugno eta Chiapucci ere sekulako txirrindulariak ziren, baina Indurain izeneko bat bazen...

Aitortu beharra dago, inork ez daukagu zalantzarik, pilotaririk onenak Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo direla eta pilotari onenak baldin badira, dohain onak dituztelako da, inteligenteenak direlako eta lanik gehien dutenak direlako. Ezaugarri guztiak batzen dira txapeldun handi batean eta Irujo eta Aimar bezalako pilotariengan dohain guztiak betetzen dira. Dohain horiek izateaz gain, oso profesionalak dira.

Bi pilotari hauek aldea markatu dute. Ikusi besterik ez dago koska bat gorago daudela eta ez da txapelketa batean, urte osoan zehar maila ikaragarria ematen dute eta hori oso-oso zaila da. Noizean behin jaiotzen diren pilotariak dira, historiara pasako diren pilotariak dira eta hori kantxan erakusten ari dira bai urte batean, bai bestean eta hurrengoan ere bai.

Gaizki hitz eginda, putada bat da beraien belaunaldian suertatzea, baina beste aldetik, ohore bat ere bada. Halako pilotariak noizean behin irteten dira, eta beraien belaunaldian izatea, beraiekin kantxan borrokatu ahal izatea, gauza handia da. Final honetan adibidez, Irujorekin jokatzea ohore bat da, eta Aimarren aurka aritzea ere bai. Putada doblea da, gainera, Indurain bat izan beharrean, bi ditut nik.

Pilotara nolabaiteko iraultza ekarri dute, eta horrek zu bezalako pilotari klasikoagoei kalte egin dizue?

Erreboluzioa etorri da halako pilotari handiak direlako, eta eskuz banaka materiala bera ere hamar urtetik hona asko aldatu delako ere bai. Baina garaiak eta materialak aldatu egiten dira eta egoera horretara ere moldatu egin behar da, beraiek oso ongi moldatu dira eta beste pilota batzuk jarriko balira ere, beraiek maila ikaragarria emanez jarraituko lukete.

Zuk ere moldatu egin behar izan duzu? Kolpea ere ez da lehengoa.

Bizitzan bezala, etapa desberdinak dira eta bakoitzean dohain batzuk garatzen dituzu. Nire kasuan, ez dut, noski, orain dela hamar urte bezalako besoa, baina beste dohain batzuk ditut eta horiei etekinik handiena ateratzen saiatu behar dut.

Azkenean, zorionez, pilotak abaniko handia dauka, modu asko daude pilotan ondo jokatzeko. Gaur egun asko begiratzen zaio espektakularitateari, errebotera jotzeari eta horri guztiari, baina hori ez da dena. Azkenean hori oso polita da, oso ikusgarria, denoi gustatzen zaigu, baina dohain desberdinak daude, pilota moztea adibidez, arrimatzea, kantxan ibiltzea, lehiakorra izatea, erregalorik ez egitea... osagai asko daude pilotan ondo jokatu ahal izateko.

Nola helduko da Juan?

Azken asteetan kezka asko sortu dio entrenatu ezin horrek, baina nik esango nuke une horietan bereizten direla txapeldun handiak. Juan erakusten ari da, ezker hori %100ean ez izanda ere, beste dohain batzuk atera ditzakeela hori tapatzeko. Adibidez, eskuinarekin lan ikaragarria egin du, atzera ateratzen da, atzelaria asko zigortzen du, oso ongi mozten ari da, boleaz ere lan asko egiten ari da eta maila kasik berdina ematen ari da. Horrek esan nahi du pilotari oso lehiakorra eta oso azkarra dela, moldatzeko gai izan da.

«Pilota lehen bezala bizi dut, baina ikasi dut bere onena ateratzen»

Lehen txapela irabazi zuenetik hamabi urte pasatu badira ere, kantxetatik kanpora, betiko Abel omen da eta gustuak ere betikoak: lagunak, mendia eta ehiza.

Zer aldatu da txapelak irabazi zituen Abel hartatik?

Final aurretik behintzat, egun hauek berdinak izaten ari dira, poz handikoak. Kalera irten eta jendeak finalaz galdetzen dizu eta ilusioz betetako egunak dira; egia esateko, asko disfrutatzen ari naiz. Fisikoki eta pertsonalki aldatu naiz, etapa desberdinak dira, baina hori normala da.

Pilota lehen bezalaxe bizi dut, asko; baina esango nuke jakin izan dudala pilotaren onena ateratzen eta pilotaz disfrutatzen ahal izan dudan guztia. Nik uste dut hori urteekin ikasten den zerbait dela.

Pilotak Abelekin zor bat zuela esatea, gehiegi esatea da?

Ez dut uste gehiegi edo gutxiegi esatea denik, nik ez dut halakorik sentitzen. Pilotak dena eman dit eta nik pilotari dena eman diot. Esan nahi dizut ez dagoela zorrik, ni saiatu naiz pilotan ahalik eta hobekien gauzak egiten eta pilotak dena eman dit. Nire bizitza eta ibilbidean joan den gauza oso garrantzitsu bat da. Euskaraz esan ohi den bezala, heltzen erakutsi dit, gauza pilo bat erakutsi dizkit eta bizitzan aurrera egiteko tresna oso garrantzitsua izan da.

Pentsatu al duzu pilota eta gero zer?

Ez. Denborarekin gauzak lasaiago hartzen ikasten duzu eta nik pilotaz disfrutatzen ere ikasi dut. Momentuz, eguneroko lanean ahalik eta gehien disfrutatu nahi dut, eguneroko lanak egiten, entrenatzen, gauzak landuz... uzteko eguna iristen denean iritsiko da, baina egunerokoan zentratuta egonda, zuku gehiago ateratzen diozu. J.O.