Asier AIESTARAN - Jon ORMAZABAL

Pilotarien Olinpoan ate joka

Urte natural beraren barruan ez izanagatik, denboraldiko hiru txapelak Aimar Olaizolaren buruan egongo dira bihar Binakakoa irabaztea lortzen badu. Goizuetarra historia egiten ari da eta pilotaren historian leku bat.

Atzo bertan, telebistako eztabaida batean, Xabier Euzkitzek gogorarazten zuen, egunkari batean egunak joan eta egunak etorri «Julian Retegi, historiako pilotaririk onena» irakurtzeaz nazkatuta-edo, nola Migel Gallastegi handiak galdetu zion ea bera pilotan jokatzen ikusi ote zuen. Argi dago, «Eratsungo aurrelaria eta 28 urtez Buruz Buruko txapela jarrita izan zuen Mariano Juaristi Atano III.aren arteko lehia bat nork irabaziko luke» galderak eztabaida luzerako emango lukeen arren, horren garai desberdinetako pilotariak konparatzeak ez dirudi zentzu handirik duenik. Greziako mitologia aintzat harturik, esan genezake beraz, pilotak baduela bere jainkoak gordetzeko Olinpo mendi partikularra eta inork zalantzan jarriko ez duena da Aimar Olaizolak bertan merezitako leku bat irabazi duela.

«Konparaketak beti zailak izan dira. Aimar pilotari ikaragarria da, konpletoa. Julian Retegi bat izan zen, hura ere fenomeno hutsa. Agian buruz buruko partidetan hura gehiago nabarmendu zen. Aimar binaka ere gailurreko pilotaria da. Nik Ogeta ongien zebilen garaian ez nuen ezagutu, eta hura ere fenomeno bat omen zen. Baina hortxe kokatuko nuke nik, onenen artean dudarik gabe. Bergara II.a ere etorri zait burura... Ez da erraza pilotari bat binaka nahiz buruz buru goi-goian ibiltzea eta Aimar horietako bat da, zalantzarik gabe», aitortu zion GARAri Julian Iparragirrek, Leitzako pilota eskolan urte askoz aritutakoak eta azken urteetan, Euskadi Irratian, Iñaki Elorzaren aldamenean, aditu lanak egiten dituenak.

Halakoetan, badira palmaresera begiratu zaleak direnak, zenbakiek gezurrik esaten ez dutelakoan. Buruz Buruko lau txapelekin (2005, 2007, 2012 eta 2013), Lau eta Erdiko zazpirekin (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012 eta 2013) eta Binakako beste birekin (2008 eta 2011), argi dago pilotaren historiaren liburuan kapitulu berezi bat merezi duela Goizuetako aurrelariak, nahiz eta Julian Retegiren Buruz Buruko 11 txapelak, oraingoz behintzat, edozeinentzat eskuraezinak diruditen.

Baina Bozidar Maljkovic saskibaloi entrenatzaileak Baskonian zela esan zuen bezala, «estatistikak bainujantziak edo bikiniak bezalakoak dira, asko ikusten uzten dutenak, baina ez dena». Horregatik, Goizuetakoa ondo ezagutu duten beste zenbaitengana jo dugu, Aimar Olaizolak lortu duenaren benetako neurria ezagutu asmoz.

Profesionaletarako debuta Asperekin egin bazuen ere, laster egin zuen Asegarcerako jauzia eta bera izan da Bilboko promotorak azken bi hamarkadetan lortutako txapelen protagonista nagusia. Pentsa, 2008an Oinatz Bengoetxeak Abel Barriolaren aurka Buruz Buruko txapela jantzi zuenetik, enpresako txapel guztiak Aimar Olaizolaren burura joan dira -2011ko Binakakoa Beginorekin batera-.

Urte horietan guztietan, Roberto Garcia Ariño izan da enpresako intendentea eta ondo baino hobeto ezagutzen du Aimarren ibilbidea. «Garaian garaikoa begiratu behar da. Momentu bakoitzean aldatu egiten dira gauzak: pilotak, frontoiak, aurkariak... Dena joaten da aldatzen, eta garai bakoitzean puntako pilotariak ez dira inoiz asko egon. Onak bai, asko, baina jendearentzat benetan erakargarriak suertatu direnak, edota diferentziak benetan markatu dituztenak, oso gutxi. Momentu honetan bi daudela ikusten da, Aimar eta Irujo, eta Aimarrek hartu duen bolada hau ba ikusgarria da. Denborarekin galdu egiten duzu apur bat perspektiba, baina honek frontoian egiten dituen gauzak nik ez ditut sekula ikusi. Oso konpletoa da, lehiakorra, bai txapelketan eta bai txapelketatik kanpo, eta egiten dituen gauzak horrelako erraztasunarekin egitea... nik hori ez dut sekula ikusi. Espektakularragoak egongo ziren agian, baina honen joko-modua ikusgarria da».

Moldatzeko gaitasuna

Betidanik izan da aurrelari nafarra teknikoki «geometrikoa», zenbait adituk definitu izan duten bezala, baina bere dohainen artean oso izan da nabarmentzekoa momentu bakoitzean egin behar zuena egiteko erakutsi duen gaitasuna. Ruben Belokik berak kontatu izan ohi du, ez lukeela lehenengoan sinistuko, Aimarrek debuta egin zuen urruneko 1998 hartan goizuetarrak gaur egun jokatzen duen bezala jokatzen ikusiko genuela esan izango baliote. Izan ere, pilotari klasikoa zen Aimar bere hastapenetan, airez behar zenean baino sartzen ez zena.

Bost urte geroago, ordea, Martinez de Irujo urakana azaldu zen, eta esan daiteke goizuetarra dela iberoarraren iraultzak aurretik eraman ez duen pilotari bakarra. Are gehiago, suntsitu ez, eta bere jokamoldea garatzera eta indartsuagoa izatera bultzatu du Olaizola II.a Martinez de Irujoren indarrak. «Bi pilotari oso handiz ari gara hitz egiten. Belauneko lesio larri hori izan arte Irujok diferentzia markatzen zuen, eta ia beti irabazten zion Aimarri. Orain, berriz, alderantziz gertatzen da. Hori bolada kontua bakarrik da? Ba, ez dakit. Teknikoki oso pilotari handia da Aimar, fisikoki berriz Irujo agian gainetik egon daiteke: abiadura gustatzen zaio, arriskua... Jendea agian gehiago erakartzen du Irujok, baina, era berean, irregularragoa da. Argi daukadana da bi pilotari historiko direla eta pilota uzten dutenean gu harro egongo gara hauek ezagutu izanaz. Gero konparaketak etorriko dira, baina hauen mailara iristea oso zaila izango da hurrengo pilotarientzat», azaldu zigun Iñaxio Errandonea pilotari ohi eta gaur egun Aspeko zuzendari komertzial lanetan aritzen denak.

Gogorrago egiten zaitu

Boza Maljkovic aipatu dugu lehenago eta bada Jugoslavia ohiko eskola bereko beste saskibaloi entrenatzaile batek sarri erabilitako esaldi bat, Aimar Olaizolaren ibilbidea laburbiltzeko balio dezakeena. «Akatzen ez zaituen arazo horrek indartsuagoa egiten zaitu», esan ohi zuen Dusko Ivanovicek, eta horixe izan da Aimar Olaizolaren kasuan gertatu dena.

Izan ere, Asegarceko pilotariaren ibilbidea ez da batere erraza izan lesioen erruz. 2003ko Buruz Buruko Txapelketa benetako kalbario bat izan zen, Patxi Ruizen aurkako finalean eta aurretik izandako besoko arazo larriengatik. Berehala eman zion buelta, eta 2005ean irabazi zuen jada bere lehen buruz buruko txapela, Irujoren aurka.

Larriagoa izan zen, ordea, 2010eko apirilaren 24an, berriz ere Manomanistan, belauna txikitu zuenekoa. 30 urteak pasata, zalantzak egon zitezkeen aurreko maila berreskuratuko ote zuen. Ez zuen maila bera berreskuratu, Aimar oraindik ere hobe bat itzuli zen kantxetara sei hilabeteren ostean.

31 urte bete zituen egunean egin zuen bere bigarren debuta goizuetarrak, azaroaren 13an, eta ordutik aurrerako bere zenbakiak izugarriak dira. Bere itzuleratik, 92 txapelketako partida (Binakakoan, Buruz Burukoan eta Lau eta erdian) jokatu ditu eta 73 garaipen eta 19 porrot jaso ditu %79,34. Baina are eta esanguratsuagoa da ordutik hamargarren txapelketa duela Binakakoa eta zortzi finaletan egon dela, sei txapel lortuta.

Horrek giza mugetatik harago ematen duen erregulartasun baten jabe izatera eraman du Aimar Olaizola, are gehiago, urtean zehar gero eta urriagoak direnean txapelketarik gabeko denbora tarteak. Horixe izan da zehazki, Martin Alustizak nabarmendutakoa. «Niretzako harrigarriena da urte guztian zehar nola mantentzen duen bere jokoa. Kirolari batek normalean izaten ditu gorabeherak, piko jakin batzuk, baina Aimarrek urte guztian mantentzen du bere maila, final guztietan hortxe izaten da. Lehen ere pilotari handiak izan ziren, baina azkenaldian bera ari da diferentziak markatzen».