Gorka RUBIO
CAPE TOWN

Hegoafrikako «Born Free» belaunaldikoek ere zita izan dute hautestontziekin

Apartheidaren ondotik jaiotako lehen belaunaldiko gazteek lehen aldiz bozkatu dute gaur, eta erregimen arrazistaren azken urteetan jaiotakoek, bigarrenez. GARA gazte horietako batzuekin izan da, Cape Townen dagoen Mowbray auzoko bozkaleku batean.

Zenbait gazte, Mowbray auzoko hautesleku bateko ilaran. (Gorka RUBIO)
Zenbait gazte, Mowbray auzoko hautesleku bateko ilaran. (Gorka RUBIO)

Cape Towneko Unibertsitatean ikasketak egitera Hegoafrika osotik joandako «Born Free» mordoa bizi da Mowbray auzoan, eta haietako askok botoa eman dute gaur, beraien bizitzan lehen aldiz, eta GARA auzune horretako bozkaleku batean izan da. 

Goizeko lehen ordutik bi ilara luze daude bozkaleku aurrean: A-tik H-ra bitarteko abizena dutenena eta H-tik Z-rarainokoa dutenena. Ilaran dauden gehienak beltzak eta gazteak dira, eta horietako asko lehen aldiz bozkatzera etorritakoak dira. Badira baita ere bizitza osoan auzo honetan bizi izan diren zuri eta mestizoak ere. Guztiak, alabaina, irribarrez eta umore onez, inguruan dituzten ikasleek jariatzen duten bizi gogoaz kutsaturik edo...

Hegoafrikan hauteskunde egunean bertan ere bozkalekutik kanpo kanpaina egin daiteke. Barruan, aldiz, IEC Hauteskunde Batzorde Independienteko kideekin batera hautes mahaietan dauden alderdietako ordezkariek ere ezin dute inolako iragarki alderdikoirik eraman. Jantzi arruntak dituzte soinean eta «Party Observator» dioen oharra daramate paparrean. Norbaitek identifikatu nahi izatekotan, jantzita dituzten arropa edo arraza eta hizkeragatik asmatuko du ziurrenik ze alderditakoak diren.

«Ostadarraren nazioa» bezala ezagutzen den herrialde honetan, egun oraindik badago nahikoa lan desberdinen arteko aukera politikoak osatzen. Bozkatzera doanak, hautesleku barruan iragarki alderdikoirik egiten ez duten bitartean, nahi duena eraman dezake soinean.

Batzuek ez daramate inolako erreferentzia elektoralik soinean eta beste batzuek, ilaran dagoen gazte batek, adibidez, Hegoafrika demokratikoko ikur nazionalaren koloreak dituen bufanda darama jantzita –19 gradu dauden goiz eguzkitsu batean–.

Beste askok ANCren hori koloreko kamiseta daramate jantzita eta bada goitik behera SACP alderdi komunistako «uniforme» gorria jantzita daramanik ere, bizkarrean ‘Do it for Madiba. VOTE ANC’ idatzita.

Bozkaleku kanpoan, berriz, ANCko bost jarraitzaile eta DAko eta ACDP ko jarraitzale bana daude hauteskunde iragarkiak banatu eta bozkatzera doazenekin hitz egiten. Denak «Born Free» dira, eta guztiek goizeko 7.00etan, hautes mahaiak ireki ahala, bozkatu dute eta ondotik beraien alderdien aldeko lanean dabiltza haustesleku aurrean. Egun osoa hemen emateko asmoa dutela diote.

Ilaran bozkatzeko zain eta hautesleku kanpoan alderdien ordezkari gisa zeuden zenbait ordezkari gazterekin hitz egiteko aukera izan dugu –testu honen osagarri gisa agertzen diren audioetan agertzen den bezala (ingelesez)–, besteak beste, azken hogei urteotako lorpenez, egungo egoeraz eta aurrera begirako erronkez.

Asteazken honetako nazio eta herrialde mailako hauteskundeetara 18 eta 22 urte bitarteko ia 4 miloi biztanle izan dira deituak. Lehen aldiz bozkatuko duten 18 eta 20 bitarteko 1,9 miloi «Aske Jaio» ziren 3 gaztetik soilik batek eman du izena bozkatzeko –Hegoafrikako legeen arabera, ezinbesteko baldintza da– eta horrek zer esana eman du kanpainan zehar.