NAIZ.INFO
BILBO

Puntu banaketa giro ederrean jokatu den San Mames berriko lehen Athletic-Real derbian

Izan da kexurik eta izan da eztabaidarako bide ematen duen jokaldirik baina merezitako puntu banaketa izan da azkenean San Mamesen. Athletic aurreratu da Muniainen gol izugarri batekin eta Agirretxek berdindu du partida. Azken jardunaldian erabakiko da txuri-urdinen sailkapena. [Xehetasunak]

‘Gu gara San Mames’, zioten gaur Athleticen zaleen lepokoek. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
‘Gu gara San Mames’, zioten gaur Athleticen zaleen lepokoek. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Athleticentzat ospakizun partida zen gaurko San Mameseko derbia, lehena Realaren aurka jokatzen zuena, eta horrela hasi dute, zaleei eskerrak eta zorionak ematen zizkion pankarta handi bat erakutsita. Partida aurreko orduetan ere giro bikaina nagusitu da Bilbon bi taldeetako zaleen artean eta partida osoan mantendu da giro on hori.

Reala atzerago hasi da, Athletici jokatzen utziz eta kontraerasoan min egiteko intentzioz. Lehen ordulaurdenean Jagoba Arrasateren taldea izan da, hala ere, aukerak sortu dituena. Bata bestearen atzetik lau korner eragin ditu txuri-urdinen erasoak. Erantzuna, berehala, hala ere, Mikel Ricoren jaurtika batekin. Partida guztian errepikatuko zen joan-etorriko jokaldiak izan dira.

Lehen zatia amaitzear zenean Toquerok bere hanketan izan du zurigorrien lehen gola baina kale egin eta knapora bota du eta golik gabe iritsi da derbia atsedenaldira.

Bigarren zatia ere indartsu hasi dute biek, lehen hiru minututan hiru arrisku jokaldi izan dira atearen bi aldetara. Horretan zirela area kanpotik dotore, Iker Muniainek bizkaitarren lehen gola egin du.

Hurrengo minutuetan Athleticek nagusitasun handiagoa erakutsi du baina arriskua sortzen jarraitzen zuen Realak. Bigarren zatiko orduerdia betetzear zela egin du Agirretxek berdinketa gola, Athletic ondoen ari zen orduan.

Azken ordulaurdenerako apustua egin du Jagoba Arrasatek eta Xabi Prieto kendu eta Antoine Griezmann sartu du zelaian. Frantziarra bera izan da azken minutuetan aukera garbiena izan duena, iraizozen aurrean bakar-bakarrik buruz egin duen errematea aise geratu du atezain zurigorriak, ordea.

Banako berdinketa azkenean eta txuri-urdinen sailkapena azken jardunaldian erabakiko da.