Oihana Llorente | @Gaur_8

Saioa Iraola: «Elkarlana eta elkar ezagutza izan ditu ezaugarri nagusi prozesuak»

Saioa Iraola.
Saioa Iraola.

Euskal Herriko Bilgune Feministako kide eta bozeramailea da Saioa Iraola, eta, aldaketaren bidean, kolektibo eta sektoreen arteko elkarlana eta elkar ezagutza ezinbestekoa dela iritzita, buru-belarri aritu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren osaketan.

Egungo egoera sozioekonomikoa «larria» dela esan, eta, berehala, jendarte ereduaren inguruko hausnarketa kolektiboa egitea beharrezkoa dela gaineratu du Iraolak; «jendarte eredu justu eta humanoago bat sortzeko, egungo sistema kapitalista patriarkalari ezezkoa eman eta guk geure eredu propioa osatzeko ariketa guztiz beharrezkoa da», gaineratu du.

Emakumeen presentzia nabarmena izan da prozesu osoan zehar. Parte hartzaileen ia erdia emakumeak izan dira, eta, talde sustatzailean ere, oreka mantendu da. Ikuspegi feminista hasieratik bukaerara arte txertatuta egon zedin, gainera, mugimendu feministako kide bat ere egon da talde eragile horretan. Herriz herri parte hartu arren, asanblada feminista bat ere antolatu zuten Bilbon, eta, bertan, 120 emakumek hartu zuten parte. «Bestelako herri eredu bat lortzeko bidean feministon parte hartzea ezinbestekoa delako elkartu ginen –aitortu digu–. Ikuspegi feminista batetik beharrezkoak ikusten ditugun aldarrikapen eta tresnak proposatzeko, eztabaida mahaira zer gai eraman erabakitzeko edota prozesua bera feminista izan dadin eman beharreko pausuak zehazteko bildu ginen».

Behin asanblada feminista eginda, bertan jasotako ideiak eta proposamenak bildu eta herri zein auzoetara itzuli ziren. Helburua argia: emakumeek asanbladetan hausnarketa horiek tresna gisa erabiltzea.

Prozesuaren ezaugarritzea «anitza» izan dela iritzi dio Iraolak, eta bereziki interesgarriak iruditu zaizkio sektore batzuetan eman diren eztabaidak; emakume etorkinenak edota dibertsitate funtzionala duten pertsonenak jarri ditu adibide moduan. «Inbertitu den denbora eta energia dezentea izan da, lan neketsua izan da, baina, aldi berean, aberasgarria izan da», dio pozarren.

Bestelako herri eredu bat eraikitzeko bidean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna pausu oso interesgarria dela uste du Iraolak, «zer herri eta zer jendarte eredu nahi dugun identifikatzeko lanean indarrak eta energiak biltzera behartu gaitu prozesuak, era horretan zer ez dugun nahi errazago ikusi dugu». «Eta ikuspegi feminista batetik oso ariketa interesgarria izan da», gehitu du.

Bilgune Feministako kide honen aburuz, elkarlana eta elkar ezagutza izan ditu ezaugarri nagusi prozesuak, eta, edozein aldaketaren aurrean, lehen pausua hori dela sinetsita dago.