@Ion_Salgado
Gasteiz

Ibon Iparragirreren senideek ekimen bat suspertzea eskatu dute Legebiltzarrean

Gotzon Iparragirrek bere anaiaren egoeraren berri eman du gaur Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean. Azaldu duenez, Ibon Iparragirreren osasunak okerrera egin du martxotik, Ertzaintzak Auzitegi Nazional espainoleko agindua betez kartzelatu zuenetik.

Ibon Iparragirreren senideek, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Ibon Iparragirreren senideek, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Larriki gaixorik dagoen preso ondarroarrak, 2011ko urritik Estatu espainoleko epaileek ezarritako kartzela zigorra bere etxean betetzen zuenak, hiesa dauka, C estadioan, hau da, gaixotasun sendaezina eta itzulezina da. Egoera honi aurre egiteko, Gotzon Iparragirrek pasa den legealdian bere anaiaren askatasuna aldarrikatzeko EAJ, Aralar, EA eta EBko legebiltzarkideek idatzitako legez besteko proposamena berriro ere aurkezteko eskatu die batzordean bildutako legebiltzarkideei. Izan ere, presoa etxera bidali zuten adostutako ekimena Legebiltzarreko bilkuran bozkatu baino lehen.

Aipatutako legez besteko proposamenak bi puntu ditu bakarrik. Lehenengoan, Legebiltzarrak berretsi egiten du pertsona guztiei, «bai eta preso daudenei ere», dagozkien giza eskubideen defentsarekiko zalantzarik gabeko konpromisoa; eta bigarrenean, Ganberak Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen dio Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera larria aintzat hartu eta, indarrean dagoen legediari jarraituz, berehala aske utz dezala, bai gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten gainontzeko presoak ere.

«Eskaera honek inoiz baino garrantzi handiagoa duela uste dugu. Ibonen egoera oso larria da, zortzi kilo galdu ditu kartzelatu zutenetik, eta edozein berri jaso ahal dugu edozein momentuan», ohartarazi du presoaren anaiak.